Arazoa ez da oraingoa, baina azken aldian egurraren merkatuak okerrera egin du eta burua altxa ezinik dabil. Eraikuntza eta papergintzaren krisiak ere izan dute zerikusia sektorearen jautsieran, baina urte hasieran Landetan izandako haizeteek hondoa jota utzi dute. Haizeteek hainbat pinudi bota zituen ilbeltzean Landetan, 300.000 hektarea guztira, Nafarroako iparraldeak hartzen duen eremuak adina, eta oihanen jabeek zazpi urtetarako aurreikusia zuten egurra egun bakarrean galdu zuten. Horrek ondorioak ekarri ditu eskualdera. Bistakoa da, oihanak betidanik izan direla diru-iturri garrantzitsu eskualdeko udalentzat, baina Landetako krisi horren eraginez, hango prezioak ikaragarri jautsi dira eta Landetako prezioei ez zaie aurre egin. Landetan enborrak lurrean eta eskualdean zuhaitzak zutik, saldu ezinik. Egur sobera merkatuan eta urteetan diru sartze politak izan dituzten udalek baliteke sosik ere ez jasotzea datozen urteotan egurraren salmentatik.
Merkatuan horrenbertze egur egoteak prezioen jautsiera ekarri du, eta momentu honetan, Landetako merkatuarekin lehiatzea ezinezkoa da. Prezioak jausteaz gain, lurrean botata dauden egurrak lehenbailehen saltzeagatik frantziar estatua dirulaguntzak ematen ari da eta horrekin eskualdeko egurraren merkatua hankaz goiti gelditu da.
«Egurren salmentatik udal aunitzek ez dute deus ere aterako aurten». Argi eta garbi mintzatu zaizkigu Xabier Iturria, Alejo Martikorena, Fermin Iñarrea eta Jose Miguel Altzuart basozainak. Adierazgarria bada errandakoa, urteetan diru aunitz utzi duen intsinis pinuak ez baitu tokirik izanen aurtengo udalen diru-sarreretan, eta seguru aski hurrengo urteetakoetan ere ez .
Garairik oparoenean, 1998 aldera, metro kubikoa 60 eurotan saltzera ailegatu ziren udalak. Baina geroztik gainbeheran joan da. 1999ko abenduan bertze haize bolada indartsu batek 140.000 milioi metro kubiko egur bota zituen Landetan, eta orduan prezioak 30 eurora jautsi ziren. Aurtengo kalteak, halere, ordukoak baino haundiagoak izan dira, eta Iñarrearen hitzetan, «Frantzian egurrak ia oparitzen ari dira». Frantziako estatuak Europara ez ezik, merkatua gehiago zabaltzeko asmoa ere baduela azaldu digu Iturriak: «Baionatik atera den lehen itsasontzia Alemaniara joan da. Tona 3 eurotan saldu dute, eta gainera, estatuak ustiatzen duenari laguntza ematen dio. Ekialdera joatea pentsatzen ere ari dira eta merkatu hori ere betetzen badute, eraikuntza bere onera bueltatzen den arte, akabo hemengoa». Aurtengo egurrak saldu ezinik, eta joan den urtean markatutakoak ere bere horretan. «Esleitutako loteak 2-3 urteko luzapena eskatzen ari dira, eta bitartean Landetatik ekartzen ari dira», adierazi du Martikorenak. «Hurrengo bizpahiru urteak gogorrak izanen dira». Inguru honetako udal gehienek nabarituko dute ondorioa, eta batez ere, Bortziriak, Goizueta, Leitza, eta Lau Herriek (Sunbilla, Doneztebe, Elgorriaga eta Ituren).
Eta gainera pinuaren minbizia
Krisiarekin aski ez balitz, pinuaren minbizia ere hor dago. Fusarium Cicinatum izeneko gaitza da eta intsinis pinua bereziki sentikorra da. Horren harira, Espainiako Gobernuak Errege Dekretu bat onartu zuen, gaixotasun hori duten pinuak zerrendatu eta bota egin beharko direla erranez. Araudi hori martxan jarriko balitz, eskualdeko pinu aunitz eta aunitz bota egin beharko dira. Hori da, adibidez, Goizuetaren kasua. Bidasoaldea ez dute oraingoz gaixotasun eremu izendatu, baina halere, Nafarroako Gobernuak eten egin ditu intsinis pinua aldatzeagatik orain arte ematen zituen subentzioak. «Horregatik ez da batere errentagarria pinu mota hori landatzea, eta partikularrek ez dute landatzen». Martikorenaren ustez, martxa honetan intsinis pinua «desagertu eginen da». Iñarreak, berriz, «espezie erresistenteagoei begira hasi beharko dela» iritzi dio.
Eta beharbada bai, bertzelako zuhaitz espeziei begira eta egurrarekin bertzelako merkatuak landu daitezkeela pentsatzen hasi beharko da. Iturriak aukera bat utzi du mahai gainean: biomasarena. Egurrarekin energia sortzea, alegia.