Doneztebeko Udaberriko feria hirugarren aldiz ospatu da ortziralean, maiatzaren 8an, Doneztebeko Udalak, Nafarroako Gobernuaren eta Cederna-Garalur elkartearen laguntzaz antolatua. Goizeko 11etatik eguerdiko ordubata terdietara bigarren ahari lehiaketa egin da Merkatu Plazan. Lehiaketa honetan, Malerrekako latxa arrazako ahariek parte hartzen ahal dute eta aurten 11 buru aurkeztu dira lehiaketara. Horretaz gain, Bortzirietatik ere bertze bi buru eraman dituzte, saltzeko intentzioarekin. Lehiaketa ahari mutur gorri eta mutur beltzendako irekia bada ere, aitzineko edizioetan gorriak bakarrik azaldu ziren. Aurten, berriz, ahari muturbeltz ederra aurkeztu du Urrozko Eustasio Mariezkurrenak eta beretzat izan da 120 euroko saria. Baztanen ugariagoak omen dira mutur beltzak baina Malerrekan, Urrotzen, Donamaria eta Gaztelun bakarrik daudela aipatu digute artzainek. Zerri hazle gisara hainbat sari eskuratuak dituen Isidro Baztarrikak aipatu duenez, “inguru honetara hobekixiago moldatzen dira eta mutur gorriak eta beltzak baino lasaiagoak dira”.
Mutur gorrietan, berriz ere Sunbillako Pixarneko bordara
Mutur gorrien atalean, joan den urtean bezalaxe, lehen sailkatua Sunbillako Pixarnekobordako Jose Bernardo Bazterrikaren aharia izan da eta 120 euro eskuratu ditu. 70 euro bigarren saria Ezkurrako Ibia baserriko Ana Isabel Mutuberriak eskuratu du eta 50 euro hirugarrena saria Elgorriagako Barbeneako Juan Mariezkurrenak etxeratu du. Trato handirik ez badute egin ere, Pixarnekobordako nagusiak aipatu duenez, “ahari on bat 8.000-10.000 durotan saltzen ahal da (300 euro)”. Irabazleez gain, Elgorriagako Jose Ignacio Mariezkurrenak, Sunbillako Maria Teresa Aranburuk eta Gazteluko Jose Luis Elizaldek ere eraman dituzte aharik Doneztebeko Merkatu Plazara, honela 30 euroko saria irabaziz.
Behi eta aretxe aunitz eta zaldi batzuk
Baina dena ez da ahari lehiaketa izan eta azienda feria polita gelditu da goizean. Ahariak baino gehiago behi buruak agertu dira, aunitz bere aretxeekin baita zaldiren bat edo bertze ere. Nekazaritza tresneria ere bistan zegoen, nahi zuenak erosteko.
Eskulangileak elizatarian
Goizeko 10etatik eguerdiko ordubietara, eskualdeko artisauen lanen erakusketa eta salmenta ere izan da. Berez, Merkatu Plaza ondoan egotekoak ziren, baina euriaren beldur, elizatarira eraman dituzte. Izan ere, goizean eutsi badio ere, eguerdi aldera euri ttantta batzuk eskapatzen zitzaizkion hodeitzari. Erakusketa honetan parte hartu dute Urrozko Bittoriano Arzuagak, bere artile-lanekin; egurra lantzen duten Santiago Hualde zubietarrak, Juan Pedro Goñi oiztarrak eta Jose Luis eta Jon Olaizola aita-seme doneztebarrak; Zubietako talogileek; Oizko Carlos Mindegia gasnagileak, zeramika lanak egiten dituen Daniel Fioramante oiztarrak eta zilarra lantzen duen Malu Alvarez eratsundarrak.