Aurten 25 urte beteko dira Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko besta sortu zela eta beraz, 26. ekitaldia eginen da maiatzeko bigarren igandean, Senpereko aintziraren inguruan. Aldi batez gehiago besta haundiaren bidez dirua bilduko da ikastolak laguntzeko. Ikastolak 1969an sortu ziren Lapurdin, duela 40 urte. Gaurko egunean, 22 ikastola daude, 3 kolejio eta lizeo bat. Gero ikasketak euskaraz segitzen ahal dituzte Hego Euskal Herriko unibertsitateetan. 3 eta 18 urte arteko 2 500 ikasle dabiltza Seaskako ikastoletan.
"Haizea alde baita"
“Haizea alde baita” lelopean besta haundia ospatuko da maiatzaren 10ean. Aintziraren inguruan, Amaia Riouspeyrous, Danba, Watson, Trikidantz, Mikel Hats, eta Samain kantariak eta taldeak entzuten ahalko dira. Diskofestaz gain, bertsulariak ere agertuko dira, hauen artean Miren Artetxe, Xumai Murua eta Karlos Aizpurua. Haurren xokoan, Xan Errotabehere kondalaria entzuten ahalko da.
Herri Urrats bezperako gaupasa Saran
Willis Drumond musika taldea izanen da aurtengo Herri Urrats bezperako gaupasako talde nagusia Saran. Maiatzaren 9an, larunbat arratseko 21:00etatik goiti harekin batera ariko dira Deskontrol, Mage Against the Rachine, Mikel Hats eta Gaztetxe Band taldeak. Sartzea zazpi euro baizik ez da izanen. Aurtengo kontzertua Gaztetxearen 20.urteurrenaren ospakizunen barne eginen da.