Ortziral honetan, otsailaren 8an eginen da Doneztebeko Udaberriko Feria. Doneztebeko Udalak, Cederna-Garalur eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz antolatutako ekitaldi honek, azken urteetako ohiturari segituz, bi erakargarri nagusi izanen ditu. Malerrekako latxa arrazako ahariei zuzendutako hirugarren lehiaketa alde batetik eta eskualdeko eskulangileen erakusketa.
Eskulangileen erakusketa
Erakusketa 10:00etatik 14:00etara eginen da eta bertan izanen dira Bittoriano Arzuaga, artile lanak egiten dituen urroztarra; zura modu ugarietan lantzen duten Santiago Hualde zubietarra, Juan Pedro Goñi oiztarra eta Jose Luis eta Jon Olaizola aita-seme doneztebarrak; Joxepa Loiarte zubietarraren taloak; Oitzko Carlos Mindegiaren gasnak, Daniel Fioramante oiztarraren zeramikak eta Malu Alvarez eratsundarraren zilar lanak.
III. Ahari lehiaketa
Baina dudarik gabe, Doneztebekoari feria izaera ematen dion ekitaldia, hirugarren edizioa beteko duen ahari lehiaketa da. Aurkezten diren ahariak goizeko 11etarako egon beharko dute Merkatuko Plaan, aurkezpen eta garbitasun egoera onean. Artzain bakoitzak, nahi duen ahari kopurua aurkez dezake eta ez da inolako inskripzio kuotarik kobratuko. Epaimahaiko lehendakaria Doneztebeko alkatea edo, honek ezin badu, udal ordezkari bat izanen da eta berekin batera, tekniko, albaitero eta nekazariz osatuko da.
Sariak
Sariak ematerakoan, bi katergoriatan banatuko dira ahariak, mutur gorriak eta mutur beltzak, nahiz eta joan den urteko edizioan, mutur gorriak bakarrik azaldu ziren plazara. Lehenbiziko saria 120 eurokoa izanen da, bigarrena 70 eurokoa eta hirugarrena 50 eurokoa. Sariak eguerdiko 13:30ean emanen dira Merkatuko Plazan. Aipatzeko da ahari buruak aurkezten dituzten baserritarrei 30 euro emanen zaiela partehartzearen truke.