Azkeneko sei hilabetetako joera gelditu eta zertxobait beheiti egin du langabeziak eskualdean

TTIPI TTAPA 2009ko maiatzaren 6a

Halere, mila lagun baino gehiago lanik gabe daude

Azkeneko urte erdiko joera apaldu eta langabeziak zertzobait beheiti egin du apirilean, Doneztebeko Enplegu Bulegotik emandako datuen arabera. Oraindik mila langabetuen mugatik goiti gaude, baina martxo hondarreko 1.049 langabetuetatik apiril hondarrean 1.015 izatera pasatu gara eskualdean, 34 guttiago eta %3,24ko jautsiera. Hilabete lehenago baino 54 gehiago eta %5,85ko igoera hau Nafarroa osoko lan bulegoen artean handiena izan da. Kontuan hartu behar da Nafarroa osoan zertxobait goiti egin zuela langabeziak apirilean, %0,39.
Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 344 kontratu gauzatu ziren apirilean, eta horietatik 47 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.

Adin eta sexu tarte guzietan beheiti

Adina eta sexuari dagokionez, tarte guzietan beheiti egin du langabeziak apirilean. Ohikoa denez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak eta apirilean 459 langabetu zeuden, martxoan baino 16 guttiago, halere. 25 urtetik goitiko gizasemeen artean ere beheiti egin du langabeziak eta orain 425 dira, martxoan baino 7 guttiago. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean ere beheiti egin du langabetu kopuruak, 92 gizon baitaude lanik gabe, martxoan baino 10 guttiago. 25 urtez beheitiko emakumeen artean ere martxoan baino langabetu bat guttiago dago, 39.

Zerbitzu eta eraikuntza arloan beheiti; industrian, nekazaritzan eta lehen lanaren bila dabiltzanen artean goiti

Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak dauka, diferentziarekin, langabetu gehien, baina jautsiera handiena ere arlo horrek izan du apirilean. Gaur egun 534 langabetu daude, martxoan baino 40 guttiago. Industrian, aldiz, zertxobait goiti egin du langabeziak apirilean eta 301 dira, martxoan baino 6 gehiago. Eraikuntzan martxoan baino 10 langabetu guttiago daude, 109; nekazaritzan lagun batean goiti egin du langabetu kopuruak, 8 baitira langabetuak. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean ere 9 lagunetan goiti egin du langabetu kopuruak eta 63 ziren apiril hondarrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun