Kudeaketa eta marketin tailerrak antolatu ditu Cederna-Garalur elkarteak

TTIPI TTAPA 2009ko maiatzaren 5a

Lekunberri, Leitza, Elizondo eta Donezteben eginen dira

Cederna-Garalur elkarteak kudeaketa eta marketin tailerrak antolatu ditu Leitzaldean eta Baztan-Bidasoaldean, negozio-ideia bat duten sustatzaileei, azken bi urteotan sortuak eta sendotze bidean dauden enpresei eta beraien jarduera dibertsifikatzeko interesa duten negozioei zuzenduak.

Maiatzaren 6tik 9ra Lekunberrin

Lehenbiziko tailerra Lekunberriko Mitxausenean eginen da maiatzaren 6tik 8ra, 9:30etik 13:30era. “Nire enpresaren kudeaketa xaloa” izenburupean, kontabilitate-ezagutzarik behar ez duen informatika-programa xume baten bitartez norbere negozioa kudeatzen erakutsiko dute.

Maiatzaren 19tik 21era Leitzan

Maiatzaren 19tik 21era, 14:00etatik 17:00etara Leitzako Udaletxean eginen da “Merkataritza trebetasunak: nola harrituko ditut nire bezeroak” izeneko tailerra, salmenten profesional on batek behar dituen trebetasunak ikasi eta garatuz, gehiago edo hobe saltze aldera.

Maiatzaren 25tik 27ra Elizondon

Maiatzaren 25etik 27ra, 14:00etatik 17:00etara, Elizondoko Arizkunenean emanen da “Publizitatea nere negozioan: Merkataritza-plana” tailerra, norbere enpresarentzat merkataritza plana nola landu eta betetzen ikasteko.

Maiatzaren 26tik 28ra Donezteben

Maiatzaren 26tik 28ra, azkenik, Doneztebeko erakusketa aretoan eginen da “Marketina eta animazioa saltokian” ikastaroa, 14:00etatik 17:00etara. Hondar tailer honetan, saltokia bizitza duen eta bezeroak erakartzeko xarmangarria den gune bihurtzen erakutsiko da.
Informazio gehiagorako edo izen emateko, Cederna-Garalur elkartearen Zerbitzu zentrora deitu behar da, 948 625122 telefonora (Begoña), goizeko 10:00etatik 14:00etara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun