Txirrindulari afizionatuei zuzendutako Bidasoako Itzulia maiatzaren 6tik 9ra

Aitor AROTZENA 2009ko mai. 5a, 11:03

Joseba Larralde beratarra izan zen joan den urtean euskaldunik onena Bidasoako Itzulian eta gaur egun profesionala da. TTIPI TTAPA

Ortziraleko etapa Beran hasi eta bukatuko da

Txirrindulari afizionatuei zuzendutako XXXVII. Bidasoako Itzulia maiatzaren 6tik 9ra eginen da eta lau etapa horietatik hirutan eskualdean barna ibiliko dira txirrindulariak. Lehenbiziko etapa asteazkenean eginen da Irun eta Hendaia artean. 123,2 kilometro izanen ditu eta horietatik bakar bat ere ez da Nafarroan sartuko.

Ortzegun arratsaldean sartuko da lehen aldiz gurean

Ortzegunean, maiatzaren 7an, Hondarribia-Hondarribia etapa eginen da, 133,6 kilometrokoa. Hamahirugarren kilometroan Endarlatsara ailegatuko da (14:48ak aldera) eta Bera, Sunbilla, Zigako gaina, Irurita, Mugairi, Igantziko Bentak eta Beratik 16:34ak aldera pasatuta, berriz ere Gipuzkoa aldera joko du.

Ortziraleko etapa Beran hasi eta bukatzen da

Ortziraleko etapa Berako Altzateko plazan abiatu eta bertan izanen du helmuga, 108 kilometro egin ondotik. Beran 14:30ean abiatuko dira eta N-121A errepidean barna, bigarren mailako Belateko gaina igoko dute (15:28). Araraitzko Bentatik Ultzamara sartu eta bigarren mailako Gorostietako gaina igoko dute (16:05); Saldias, Beintzako tarteko helmuga, Doneztebe eta Berrizaun pasatu ondotik, 17:12ak aldera ailegatuko dira txirrindulariak Altzateko Plazara, beti ere, antolatzaileek aurrikusitako orduko 40 kilometroko abiadura betetzen bada.

Larunbatean Agiña igoko dute Oiartzun aldetik

Laugarren eta hondar etapa Irun eta Irun artekoa izanen da. 81,8 kilometrokoa. Irunetik Gurutzeko gaina (3. Maila) eta Aritxulegi (1. Maila) gainditu ondotik, eskualdean San Antonetik sartuko dira, 15:30ak aldera. Agiñako kaxkotik (1. Maila), Lesakara jautsiko dira (15:51) eta Beratik barna berriz ere Irun aldera joko dute. Oraindik Erlaitzeko kaxkoa igo beharko dute (1. Maila), Irunen helmugaratu baino lehen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!