Bezero berankorren zerrendan sartu aitzinetik, enpresa eta banketxeek kontsumitzailearen zorra egiaztatu behar dutela ohartarazi du Iratxe Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak. Hala baieztatu du Auzitegi Gorenak, egiaztatu gabe bezeroa berankorren zerrenda sartzea «ohore eskubidea legez kontra urratzea» dela ebatzi baitu.
Hainbat dira berakorren zerrendan egoteagatik kaltetuak atera diren kontsumitzaileak eta horietako aunitzek Iratxerengana jo du.
Kontsumitzaile baten izena berankorren tartean ageri denean, honek banketxeetan edozein kreditu lortzeko arazoak eduki ohi ditu. Gainera, zenbait kasutan, akatsa bat tarteko sartzen da bezeroa berankorren artean, eta horren harira, telefonia konpainia eta banketxe batzuek isuna ordaindu behar izan dute. Iratxeren arabera, Espainiako Datuen Babeserako Agentziak 60.000 euro baino gehiagoko isunak paratu izan ditu.
Horrelako egoerak saihesteko «seriotasuna» eskatu du Iratxek, «kalte ekonomikoaz gain, irudia eta duintasuna ere kaltetuak izan baitaitezke».
Auzitegi Nagusiak joan den apirilaren 3an emandako ebazpenarekin kontent dago Iratxe Bere hitzetan, «epai horrek Iratxeren ustea indartu egin du eta kontsumitzaileari babes haundiagoa eman dio, gaia delikatua delako».
Kontsumitzaileen eskubideak
Bezeroa berankorren zerrendan sartzen denean, arduranduak hurrengo 30 egunetan jakinarazi behar dio hori kontsumitzaileari. Honek eskubide osoa du bere datuetara jo, zuzendu eta zorrik ez duela egiaztatuz gero zerrendatik kanpo gelditzeko. Horretarako, hartzekodunarengana joan behar da. Erregistro hauek gehienez ere sei urteko iraupena dute. Iratxek utzitako datuen arabera, 40.000 lagun inguru berankorren zerrendara pasatzen dira hilabetero. Hala, dagoeneko bi milioi dira ustez ez ordaintzeagatik zerrendan daudenak. Gainera, krisi ekonomikoa dela-eta, erregistroak goiti doaz, eta 32 milioi euroko zorra omen dago.