Bidasoako Itzuliko hirugarren etapa Beran hasi eta bukatuko da

TTIPI TTAPA 2009ko maiatzaren 4a

Aitzineko edizio batean Arantzan bukatu zen Bidasoako Itzuliko etapa bat. Argazkian Azanza txirrindularia ageri da, orain Euskaltel-Euskadiko profesionala dena, helmugara ailegatzen. TTIPI TTAPA

Maiatzaren 6an hasiko da Itzulia eta Berara bi egun beranduago ailegatuko da

Maiatzaren 6an hasi eta 9an bukatuko da Bidasoako Itzulia txirrindularitza proba. Lau egunez, etorkizuneko txirrindulariz osatutako tropelak 446,7 kilometro eginen ditu gure inguruan eta Gipuzkoa eta Lapurdi aldean. Ohi bezala, antolatzaileek lau etapatan banatu dute itzulia.
Lehenbizikoa Irunen hasi eta Hendaian bukatuko da eta 123,2 kilometro egin beharko dira. Bertzeak bertze, hirugarren kategoriako Gurutze eta Meagas gainak izanen dira punturik altuenak.
Bigarren etapa Hondarribian hasiko da eta 133,6 kilometro egin ondotik, hasitako tokian bukatuko da. Aldi honetan, hirugarren mailako Ziga eta lehen mailako Jaizkibel gainak pasatu beharko dituzte kirolariek.
Hirugarren etapa, maiatzaren 8an eginen dena, gure eskualdean jokatuko da, eta irteera eta helmuga Beran izanen dira. 108,1 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek, Belate (hirugarren kategoria) eta Gorostieta mendateak (bigarren maila) pasatuz.
Laugarren eta azken etapa Irunen hasi eta bukatuko da eta 81,8 kilometroko luzera izanen du. Igo beharreko mendateak Gurutze (hirugarren maila) eta Aritxulegi, Agiña eta Erlaitz (lehenengo mailakoak) izanen dira. Lan guztia egindakoan Irungo Colon pasealekuan izanen du Itzuliak helmuga.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun