Nafarroa osoan eginen diren zortzi mendi itzulik osatuko dute aurtengo Nafarroako mendi ibilbideen zirkuitua eta tartean daude eskualdeko hiru: Berako Mendi Itzulia, Baztango Mendi Ibilaldia eta Areso Itzulia. Horiekin batera, Altsasuko Mendi Ibilaldia, Zudaireko Amezkoako Martxa, Sakanako Ibilaldi Handia, Alaizko Mendi Ibilaldia eta Aralarko Mendi Ibilbideak osatuko dute zirkuitua. Joan den urtean Arantza, Baztan eta Lesakako mendi itzuliak Nafarroako lehenbiziko ibilbide luzeko zirkuituaren barne egin ziren, baina Arantzakoa eta Lesakako bi urtetik behin antolatzen dira eta aurten ez dira eginen. Zirkuituko ibilbideetan ez da sailkapenik jasoko, eta lau ibilbide bukatzen dituzten federatutako partaideek oroigarri bat jasoko dute. Informazio gehiago nahi izanez gero, klubetan edo Mendi eta Eskalada Kirolen Nafarroako Federakundearen Interneteko atarian aurki daiteke: www.mendinavarra.com.
Zortzitik hiru eginak
Zirkuituko zortzi itzulitik hiru dagoeneko egin dira: apirilaren 4an egin zen Altsasuko II. Mendi Ibilaldia (42 kilometro eta 2.100 metroko desnibela), Zudairen apirilaren 18an egin zen Amezkoako IV. Martxa (43 kilometro eta 930 metroko desnibela) eta Irurtzunen apirilaren 25ean egindako Sakanako XX. Ibilaldi Handia. Mendizaleek bi ibilbide eduki zituzten aukeran: luzeena 54 kilometrokoa eta laburra 46 kilometrokoa.
Laugarren itzulia igande honetan Beran eginen dena izanen da: Berako IX. Itzulia. 30 kilometro izanen ditu eta 1.000 metroko desnibela.
Alaizko X. Mendi Ibilaldia Etxaguen eginen da maiatzaren 9an, eta 38 kilometroko luzera eta 1.975 metroko desnibela izanen ditu.
Seigarren itzuliarekin berriz eskualdera ailegatuko da zirkuitua, Baztango XVI. Mendi Ibilaldiarekin. Baztango Mendigoizaleek antolatuta maiatzaren 31n eginen da eta 35 kilometro luze izanen ditu eta 1.300 metroko desnibela. Aurtengoan Zigan eginen da.
Ekainaren 7an Aralarko XI. Mendi Ibilaldia eginen da Lekunberrin. 46 kilometro eta 1.700 metroko desnibela izanen ditu.
Aresoko Itzulia, berriz, irailaren 6an eginen da eta hau izanen da zirkuituko azken proba. Aurtengoa ibilaldiaren bigarren edizioa izanen da eta 26 kilometroko luzera eta 500 metroko desnibela izanen ditu.