Euskal herriko lau hegaletatik etorritako 40 bat olerkari bertze behin Amotzen bildu ziren hamekagarren aldiz Hatsaren Poesia Eguna ospatzeko. Aunitz izan ziren arrazoi bategatik edo bertzeagatik agertu ezin izan zutenak, eta denak gogoan izan zituzten, baina modu berezi batean gogoratu zituzten aurten hildako bi olerkari ospetsuak: Xabier Iratzeder eta Mikel Laboa. Hauen omenez bi olerki idatzi dituzte liburu berrian Eukene Lizeaga Tamayok eta Peio Jorajuriak. Aurtengo Hatsaren Poesia olerki bildumak ez die aitzinekoei deus ere zor, oraingoan ere, 100 bat idazlek parte hartu baitute banaka, eta 200 bat haur eta umetxok taldeka.