Maiatzaren 9ko manifestaziorako hainbat atxikimendu biltzen ari da

Aitor AROTZENA 2009ko apirilaren 29a

EHNE, LAB, ELA eta Gazte Asanbladetako kideak eta Arantza eta Berako udal ordezkariak izan dira Patxiku Irisarrirekin batera, asteazken eguerdian egin den aurkezpen ekitaldian. TTIPI TTAPA

"Ez gaitezen engaina: sistema bera da balio ez duena" izenburupean Zalaingo lantegia eta Berako Herriko Etxeko Plaza lotuko ditu

“Ez gaitezen engaina: sistema bera da balio ez duena” izenburupean Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek maiatzaren 9an eguerdiko 12etarako deitu duten manifestazioak hainbat atxikimendu biltzen ari da. ELA, LAB eta EHNE sindikatuekin batera, Arantza, Etxalar eta Sunbillako udalek, Lesaka, Bera, Malerreka, Elizondo eta Arantzako Gazte Asanbladek babesa eman diote Zalaingo Condesa lantegia eta Berako Herriko Etxeko Plaza elkartuko dituen manifestazioari.
Krisiaren berezko ezaugarria dela azpimarratu nahi dute manifestazioaren deitzaileek eta ekonomia, jabetza pribatua eta norberaren irabazien arteko elkarren menpekotasuna gero eta handiagoa izateak eragiten duela krisia uste dute. Asteazken eguerdian Lesakako Kasinoan egindako agerraldian Patxiku Irisarri Etxalarko alkateak aipatu duenez, “ekonomia ez dago finkatua oinarri demokratikoetan eta gizartearen beharretan, etekinean eta gizabanakoaren lapurretan baizik”.

Maiatzaren 9an denak elkarrekin

Inguru honetan krisiari aurre egiteko hainbat ekinen, martxa, manifestazio eta enpresaz enpresako borroka egin ondotik, maiatzaren 9an denak elkarrekin indar egiteko egun egokia dela uste dute eta horretarako hameka arrazoi eman dituzte. Bertzeak bertze, EREan edo kaleratuta dauden langileei elkartasuna eta enpresetako zuzendaritza eta arduradunei desadostasuna adierazi nahi zaie. Modu berean, Lanaldia Antolatzeko Europar Zuzentaraua, 65 orduko lanaldia babesten duena, lan harremanak sustengatzen dituzten oinarrien eta langileen eskubideen aurkako eraso bat dela salatzeko eta aurka agertzeko baliko du maiatzaren 9ko manifestazioak. Euskal Herrian migranteak kanporatzeko zuzentararua aplikatzearen aurka ere azaldu dira eta toki entitateen finantziazio eredua aldatzea ere eskatzen dute, marko orokor eta iraunkorra ezartzeko. Azkenik, arestian aipatutako marko horren bidez, Nafarroako Gobernuak zergen bidez jasotakotik, toki entitateen funtsari jasotakoaren gutxienez %25 bideratzea eskatu dute, hori toki erakundeen artean banatzeko.

Atxikimendu gehiago

Arrazoi hauengatik maiatzaren 9ko manifestaziora etortzeko deia egin dute eta atxikimenduakjasotzeko email bat ere prestatu dute: herria@etxalar.org eta mozioa bere osotasunean irakurtzeko etxalar.org webgunean dago irakurgai.
Aipatzekoa da manifestazio deialdi honen aldeko mozioa ez dela onartu Bera eta Lesakako udaletan, “forma arazoengatik”. Patxiku Irisarrik jakinarazi duenez, “edukian ados daudela uste dugu eta bileraren bat eginen dugu Lesaka eta Berako talde politiko guziekin, arazo hori gainditzeko eta denek bat egiteko maiatzaren 9an”. Bertze udaletan ez omen dute oraindik mozioa eztabaidatu plenoan, baina bat eginen dutela pentsatzen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun