Nafarroako Gobernuak otsailaren 11 eta 12ko uholdeetan kaltetutako udalak nola lagunduko dituen galdetuz Maiorga Ramirez NABAIko bozeramaileak galdera erregistratu du Parlamentuan. Aipatzekoa da, neurri bereziak eskatzen zituen NABAIren lege proposamena joan den ortzegunean eztabaidatu zela Parlamentuan, baina UPN, PSN eta CDNk kontra bozkatu zutenez, ez zen aitzinera atera. Egun batzuk lehenago Baztan-Bidasoako alkateek lege proposamen horren alde egitea eskatu zieten parlamentuko taldeei, baina erantzuna ez da espero zena izan. Maiorga Ramirez beldur da, ezezko honekin, “Nafarroako Gobernuak kaltetutakoei zor dien laguntza atzeratu edo eternitzatzeko asmoa” duela. Horren aitzinean, Nafarroa Bai %100 ordaintzeko lanean segituko duela aipatu du.
Ulertezina
Ramirezentzat “ulertezina” da lehen horrelako gertakariak izan direnean Parlamentuak gisako legeak onartu izana eta orain “UPN, PSN eta CDNk berez dagozkien baliabide horiek ukatzea behar duten udal erakundeei, gauden krisi ekonomikoan eta Nafarroako Gobernua eskari horri aurre egiteko prest dagoen eta hala balitz noiz eta nola eginen lukeen, erantzun garbirik eman gabe”.
PSNri kritika
PSNren jarrera ere kritikatu du Maiorga Ramirezek, honek etorkizunean izan daitezkeen kalte guziak aurreikusten dituen lege bat egitea eskatu baitu, baina hori NABAIk proposatutakoarekin bateragarria dela uste du. PSNk, bere botuarekin, “Nafarroako ipar aldeko udalekin egindako konparaziozko bidegabekeriaren arduradun da, bere garaian bertze uholde batzukein kaltetutakoekin konparatuta” dio NABAIk.