Baztan, Bortziriak eta Malerrekako 14 herrietako ordezkariek bat egin zuten apirilaren 21ean Etxalarren, Nafarroako Gobernuari otsaileko uholdeek eragindako kalteak osotasunean ordain ditzan eskatzerako. Patxiku Irisarri Etxalarko alkateak emandako datuen arabera, otsailaren 11 eta 12ko uholdeek 1,6 milioi euro inguruko gastuak eragin zituzten.
Handienak Baztanen, milioi bat euro, kontuan hartu behar baita hedaduraz ere Nafarroako herririk handiena dela;
Etxalar eta Lesakan, bakoitzean, 102.000 euroko gastuak eragin zituen;
Beran 91.000 euro
Arantzan 62.000 euro
Igantzin 60.000 euro
Zubietan 54.000 euro
Sunbillan (Bidasoa Berroarango Junta barne dela) 49.000 euro
Donamarian 24.000 euro
Iturenen 19.000 euro
Oitzen 12.000 euro
Urrotzen 5.000 euro.
Eratsunen, oraindik ongi zehaztu gabe dute gastu osoa.
Duela bi urteko esperientzia kontuan hartuz, kalteak neurtzen hasi ziren herrietan eta Toki Administrazio eta Ingurumen Departamentuetara memoriak bidaltzen hasi ziren, jakinaren gainean egoteko eta neurriak hartzeko. Gobernuak Lekarozen martxoaren 2an egin zuen osoko bilkuran ere eman zuten egoeraren berri alkateek, baina ez zuten erantzun argirik lortu. Denbora pasatu da eta herrietan presazko lan batzuk egin dituzte, baina erantzunik ez denez, herri ordezkariek biltzea erabaki dute.
Alkate eta zinegotziek aipatu zutenez, «momentu honetan Hirurteko Planak eta Zapateroren laguntzak martxan daude bertze alorretan, baina gure ustez egoera berezi hauek neurri bereziak behar dituzte, eta orain dela bi urte bezala, %100ean finantziatu beharko ziren kalte guziak, nahiz eta orduan kasu guzietan ez zen horrela gertatu. Horrela eginez gero, orain bi urtekoa ez zela mugimendu elektorala izan konfirmatzeko balioko luke».
Krisi garai hauetan Udaletxeei esku bat botatzea zilegi iruditzen zaie udal ordezkariei, «izan ere hirigintzatik eta menditik genituen diru sarrerak izugarri murriztu zaizkigu eta zama extra hauek ezin ditugu gure bizkar gainean hartu». Hala, Koldo Erkizia Lesakako alkatearen arabera, «dirulaguntzarik ez bada, Igantzi eta Lesaka lotzen dituen errepidea, ibilgailuen harat-honat handia duena, ixtea aztertzen ari gara, hagitz egoera kaxkarrean dagoelako».
Otsailaren 27an, Na Bai taldeak Lege Proposamena agertu zen Nafarroako Parlamentuko Boletinean, uholdeek kaltetutakoen aldeko neurriak hartzeko. Lege proposamen hori apirilaren 23an eztabaidatzekoa zen Parlamentuan.