Ezkurrako baserri eta borden argazki bilketa liburuak sortuko dituen gastuei aurre egiteko 5.400 euro jasoko dira. Nafarroako Kutxak hala jakinarazi berri dio Udalari, eta horren arabera, Zuk aukeratu, zuk erabaki programaren bidez, diru kopuru hori emanen zaio Udalari Fernando Etxeberria eta Juan Jesus Sukunzak egin duten liburuaren gastuak ordaintzeko.
Hasiera batean, Ezkurrako baserri eta borden izenak eta argazkiak biltzea zen helburua, informazioa datuen laburpen txiki batekin osatuz. Baina Nafarroako Artxibo Probintzialean dokumentazio interesgarria aurkitu zen baserri eta borden izenen inguruan, eta horrekin informazio osatuagoa kaleratuko da. Artxiboan 1646tik 1796ra bitarteko datuak kontsultatu genituenean datu gehigarriak topatu genituen.
Etxeen izenak denborarekin aldatuak
Denborarekin etxeen izenak aldatu egin direla ere ikusi dugu. Bi adibide nahikoak dira hala dela ikusteko: gaur egun Ertikoetxea dena, bi etxeen artean egoteagatik Erdikoetxea zela uste genuen. Baina hori ezinezkoa dela ikusi dugu. Izan ere, horietako bat, eskola, 1914koa da. Gaian sakonduz, konturatu gara, bere garaian, Urrutikoetxea zela, eta XVII. mendean izen hori zuela. Herri hizkeran ohikoa den bezala, hitz eta silabak jan egin ziren eta denborarekin gaur egungo izena hartu du.
Beste adibidea Pentarena da, frontoiaren ondoko etxearena, alegia. Komentzaneari buruzko 1888ko idatzi batean ageri denez, etxe horren mendebaldean Don Clemente Ladron de Cegamaren Benta zegoen, Palazioko jabearena. 1726ko dokumentuetan Benta izena ageri da baina urteekin Penta bilakatu zen.
Izena eta argazkiak
Etxeen izenekin batera bakoitzaren bi argazki ere bildu dira liburuan, balizko aldaketekin eta datekin. Hori egitea ez zegoen hasierako helburuen artean.
Datu adierazgarri gisa, aipatu, 79 borda daudela, eta horrek garai batean, herritar guztiek ardiak zituztela edo artzaintzara dedikatzen zirela adierazten du.
Argazkiak osatze aldera, eraikinen kokapen zehatza ageri den mapa ere gehitu dugu. Etorkizunari begira, lan zabalago bat ere egin nahi dugu, orokorragoa, paraje, bide, etxe, borda eta baserriak ongi kokatuz, nahiz eta batzuk desagertu diren edo desagertzear dauden.
Liburuaz gain, DVD bat ere argitaratuko da, argazki gehiagorekin. Hartara, borden egungo egoera zein den ikusteko aukera izanen da.
Bai liburua eta bai DVDa ere ekainean kaleratuko dira.