Motorzaleen Basurde Bikers besta eginen da maiatzaren 9an eta 10ean

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 28a

TTIPI TTAPA

Basurde Bikers Bestak hirugarren edizioa izanen du aurtengoa

Bazter aunitzetako motorzaleak elkartuko dira maiatzaren 9an eta 10ean Sunbillan, Basurde Bikers bestaren harira. Aurtengoa hirugarren edizioa izanen da, baina Sunbillan egiten den lehenbiziko aldia da, aitzineko biak Donezteben egin baitira.
Maiatzaren 9an, larunbat goizean, hasiko dira ekitaldiak. 11:00etan izen emateko epea zabalduko da. 13:00etan motorren akrobazia ikuskizuna izanen da. 13:30ean bazkaria izanen dute, Argentinako jakia, hain zuzen. Aipatu, bazkaltzera joateko sarrerak herriko eta inguruko ostatuetan daudela salgai, 20 eurotan.
Bazkalondoan segida izanen du bestak eta zozketak eta jokuak eginen dira. Ilunabarrean, 20:00etan berriz ere motorren akrobazia ikuskizuna izanen da eta 21:00etan afaltzera joanen dira. Egunari behar bezalako akabera emateko, 23:30etik aitzinera kontzertuak izanen dira. Bertzeak bertze, Cheesy Poofs taldeak joko du. Antolatzaileek ostatu bat ere paratuko dute.
Igandean, gosaltzeko elkartuko dira. 12:00etan eskualdean barna motorrekin ibilaldi bat eginen dute eta horrekin akitutzat emanen dute aurtengo Basurde Bikers besta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun