Eurovelo proiektuaren kontra azaldu dira trenbidearen ondoko Sunbillako auzotarrak

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 28a

Garai bateko trenaren bidea, N-121Ako obrak hasi aitzinetik. TTIPI TTAPA

Sunbillako zatiari ordezko bidea bilatzeko eskatu diote Bertizko Partzuergo Turistikoari

Garai bateko Tren Txikitoren bidearen inguruan bizi diren Sunbillako bizilagunak haserre daude Bertizko Partzuergo Turistikoa toki horretan Eurovelo proiektua sustatzen ari delako.
Felix Espelosin auzotarraren hitzetan, «40 baserrietako bizilagunek egunero erabili behar izaten dugu bide hori edonora joateko».
Gaineratu duenez, «gehienak oihangintzarako eta abeltzaintzarako erabiltzen den bide hori pasatzen den lurren jabeak gara».
1978an Lau Herrietako (Sunbilla, Doneztebe, Narbarte eta Elgorriaga) Juntari baimena eman zitzaion mendi komunaletara pasabidea uzteko, «bidea egoera onean mantentzeko baldintzarekin, baina beti ere, lehentasuna emanez bertan bizi direnei», dio Espelosinek. Horregatik, auzotarrek «harriduraz» hartu zuten duela bi urte bide hori Bide Berdea dela erranez Bertizko Partzuergoak egindako publizitatea. «Hori gezurra da».
Publizitate horren harira, Bertizko Partzuergoarekin bildu ziren auzotarrak, eta Sunbillako zatian halako plan bat egitearen kontra zeudela azaldu zuten. «Bertze aterabide bat bilatzeko eskatu genuen». Bizilagunen erranetan, «Bide Berdeen arauak arras zorrotzak dira bizilagunekin, aziendekin eta ibilgailuekin, oinezkoen eta turismoaren mesedetan, eta horregatik, inguru horretan ordezko bide bat bilatzea eskatu genion Partzuergoari». Sinadurak ere bildu zituzten eta publizitatea kentzea eskatu zioten Bertizi, eta honek «kendu zuen». Baina azken hilabetean, prentsan eta telebistan berriz agertu da gaia, eta horrek auzotarren kezka eragin du. Europako Eurovelo txirrindula sarearen barrenean, Irun eta Doneztebe artean 50 kilometroko zatia egiteko asmoa dago, Bertizko Partzuergo Turistikoak bultzatuta. Espelosinen arabera, «Partzuergoak euren interesei bakarrik begiratu die, eta Europatik diruz lagundutako proiektua izanik, ez dute ez kaltetuei ezta Sunbillako Udalari ere horren berri emateko detailerik eduki, jakin badakitenean, honek zer nolako arazoak eraginen dizkien bizilagun eta jabeei. Egunero-egunero behar dugu etxetik mugitzeko eta inguru zoragarri honetan bizitzeko».
Auzotarren eskaria garbia da: «Sunbillako zatian ordezko bide bat bila dezatela, eta bai bizilagunek baita turistek ere, harmonia onean bide honetaz gozatzeko aukera izan dezatela».

«Bidea konpartitzea posible dela uste dugu»

Izaskun Goñi Bertizko Partzuergo Turistikoko kudeatzailearen hitzetan, ordea, gaiak «nahasmena» eragin du: «Bide Berdeetan motordun ibilgailuak ezin direla ibili erran zen behin, baina ez da egia. Bidea debekatuko ote zaien pentsatzeak kezka sortzen du auzotarrengan, baina ez da horrela». «Bidea konpartitzea posible dela uste dugu».
Gaineratu digunez, «deus ere ez da finkoa». «Frantzia Partzuergoarekin harremanetan jarri zen hemengo zatia guk kudeatzeko, eta guri interesgarria iruditu eta Europan aurkeztu genuen proposamena». Oraingoz, «ez da deus erabaki», Goñik erran digunez, uda ondotik eginen da. Behin behineko proiektu bat dela ere nabarmendu dio Ttipi-Ttapari.
Hedabideetan atera den informazioaren harira, Goñik Partzuergoa ez den bertze iturri batetik atera dela aipatu du, «guk ez genuen horren berri eman, ez delako deus ere finkoa, baina ez dugu inongo arazorik informazioa emateko».
Joan den astean Partzuergoko arduradunak eta auzotarrak bilera egitekoak ziren, baina lerro hauek idazterakoan ez genuen bilera horren berririk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun