Nafarroako goma gaineko 4x4 sokatira txapelketaren lehen jardunaldia jokatu zen larunbatean Zugarramurdin. Gizonezkoen 300 kiloko txapelketan berdintasun handia izan zen eta azkenean, Berriozar A, Amaiur A eta Berriozar B hiruna punturekin berdinduta bukatu zuten jardunaldia. Amaiur Bk tiraldi guziak galdu eta puntu bakarrarekin gelditu zen.
Emakumezkoen 265 kilokoan Sakana aitzinetik
Emakumezkoen 265 kiloko txapelketan Sakanak bere nagusitasuna erakutsi zuen, tiraldi guziak irabazi eta 4 puntu eskuratu baitzituen. Amaiur eta Beti Gaztek lehia gogorra izan zuten bigarren posturako. Sakanaren kontra galdu, Berriozarri irabazi eta elkarren arteko tiraldi bana irabazi zutenez, bina puntu terdirekin berdinduak gelditu ziren eta puntu bakarrarekin gelditu zen tiraldi guziak galdu zituen Berriozar.
250 kilokoan Amaiur
Emakumezkoen 250 kiloko kategorian ez du Sakanak parte hartzen eta hemen Amaiurrek irabazi zituen tiraldi guziak, 3 puntu eskuratuz. Beti Gazte bigarren izan zen bi punturekin eta Berriozarrek puntu bakarra lortu zuen.
Kadete mailako talde mistoak lehen aldiz
Kadete mailako txapelketan talde mistoek hartzen dute parte, 295 kilotik beheitiko kategorian. Lehen jardunaldi honetan, Baztango Basaburua eta Txantrea gailendu ziren. Bertze taldeei irabazi eta elkarren arteko tiraldi bana irabazi zutenez, hiruna puntu terdirekin berdinduak gelditu ziren sailkapen buruan. Andra Marik 2 puntu eskuratu zituen eta Putterrik puntu bakarra.
Arbizun eta Berriozarren hurrengo jardunaldiak
Nafarroako 4x4 sokatira txapelketako bigarren jardunaldia larunbat honetan, maiatzaren 2an jokatuko da Arbizuko kiroldegian 17:00etan eta hirugarrena eta azkena, maiatzaren 16an Berriozarko Eguzki plazan, edo euria eginen balu, frontoi berrian.