Joan den apirilaren hasieran akabatu zuten patinaje ikastaroa. Jone Bizente eta Andrea Elizalde izan dira irakasleak eta, larunbatero, 30 haur elkartu dira frontoian patinetan ibiliz ongi pasatzera. Jokuak egiten, hockeyan eta bertze hainbat ariketetan aritu dira eta, irakasleek erran digutenez, «balorazio positiboa» egin dute. «Aurtengo martxa ona ikusita, hurrengo urterako ere animatuta gaude», adierazi digu Andrea Elizaldek. Bi txandatan banatuta egin dituzte ikastaroak, 11:00etatik 12:00etara gaztetxoenak eta 12:00etatik 13:00etara koxkorrenak. Argazkian ikastaroko parte-hartzaile batzuk ageri dira Jone eta Andrea irakasleekin.