Apirilaren 18an egin zuten Usoa Nekazari Kooperatibako urteroko Batzar Orokorra. Arantxa Zubieta presidenteak erran digunez, kooperatibaren egoera «egonkorra» da, aurten pentsuaren prezioa goitu egin baldin bada ere, salmenta mantendu egin baita. Gasoilaren salmentak ere goiti egin du, bai A motakoak, bai B motakoak ere.
Aurtengo egitasmo berrien barrenean, ez dute aldaketa handirik eginen. Aldaketa nagusia bezeroari begirako bat izanen da: orain arte kooperatibatik produktu bat erosterakoan erosketaren berri ematen zuten bi orri ateratzen zituzten, bata sinatu eta bertan gelditzen zena, eta bertzea bezeroaren eskuetan. Hemendik aitzinera paper bakarra aterako dute, aitzinekoa baino ttikiagoa. Modu honetan, paperean egiten zuten gastua murriztuko dute. Batzarraren ondotik, afaria egin zuten Anttonion 25 lagun inguruk.