Nafarroako Gobernuak onartu egin du Funverako zuzendaritzak 144 langilerentzat 195 egunetarako aurkeztutako enplegua erregulatzeko eskaera. Apirilaren 17an onartu zuen.
Langileen Batzordeak (ELA eta LAB) EREa «luparekin begiratzeko eta ez onartzeko» eskatu zion Gobernuari, honako argudioetan oinarrituz: «16 opor egun galduko ditugu, aparteko pagatik %15 bakarrik kobratuko dugu, gure langabeziatik biziko gara, eta urteko lan egutegirik gabe, hilabetero eginez, enpresak nahi duenean joan beharko dugu lanera». Gaineratu zuenez, «enpresak urte akabera bitartean, hilabetero 300.000 euro aurreztuko ditu gure soldatekin».
Baina langileek egindako eskaria ez dute aintzat hartu Gobernuan. Egoerarekin kezkatuta, joan den ortziralean biltzekoa zen Langileen Batzordea, baina lerro hauek idazterakoan ez genuen bileraren nondik norakoen berririk. Aipatu, egunero goiz-arratsaldez, gosari eta berendu orduetan, langileek 15 minutuko kontzentrazioak egiten dituztela bulego aitzinean.
Udalak, bere aldetik, arduratuta, Langileen Batzordeari babesa eskaintzeko mozioa onartu zuen aho batez martxoaren 24an.
Erregulazioan dauden bertze langileei ere elkartasuna adierazi zien.