Ia 18 milioi euroko zorra dute eskualdeko udalek banketxeekin

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 28a

Doneztebeko udala TTIPI TTAPA

Malerrekako sei herrik eta Leitzaldeko bik ez dute inongo zorrik

Ttipi-Ttaparen Hego Euskal Herriko eremuan dauden 25 udalerrietatik 17k 17.731.000 euroko zorrekin itxi zuten 2008a. Hala ondoriozta daiteke Espainiako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Ministerioak lehen aldiz apiril hasieran argitaratu zituen datuetatik. Emandako zenbakiak banketxeetan dauden zorrak dira, kredituei dagozkienak, eta beraz, zor komertzialak ez dira hor sartzen.

Zerk sortutako zorra?

Arrazoi ugari egon daitezke udal bakoitzaren zorpetze mailaren gibelean. Batzuetan finantziazio desegokia izan daiteke, baina bertzeetan inbertsio haundiak egin dituztelako dute zor hori, azpiegituretan obrak haundiak egin dituztelako. Zorrik ez dutenen kasuan, berriz, inbertsiorik egin ez dutelako izan daiteke.

Zugarramurdi biztanleko zorrik haundiena duena

Zorpetze mailarik altuena duen herria, biztanleko duen zorraren arabera, Zugarramurdi da, 2.702 euro zor baititu herritar bakoitzeko. Ondotik, Lesaka, Areso eta Urdazubi datoz. Kopuru absolutuei erreparatuz, berriz, 5.988.000 eurorekin Baztanek du zorrik haundiena. Nafarroa guztiko datuak kontuan hartuz, zazpi herri dira Zugarramurdiren zorpetze mailatik goiti dauden herriak: Aras (3.120 euroko zorra biztanleko), Eneritz (3,373 euro biztanleko), Irañeta (3.286 euro biztanleko), Lerga (5.154 euro biztanleko), Oloritz (5.682 euro biztanleko), Orbara (4.109 euro biztanleko) eta Tirapu (3.492 euro biztanleko).

Bertzalde, aipat u, eskualdeko zortzi herrik ez dutela inongo zorrik banketxeekin: Arano, Beintza-Labaien, Donamaria, Ezkurra, Elgorriaga, Goizueta, Saldias eta Zubieta dira.
17.731.000 euroko zorra eskualdeko biztanleria osoa kontuan hartuz kalkulatuko balitz, bataz bertze, herritar bakoitzeko zorra 519 eurokoa izanen litzateke.

HERRIA....ZORPETZE MAILA...ZORRA BIZTANLEKO
Arano..............0 €.........0 €
arantza......473.000 €.......739 €
ARESO........387.000 €.....1.373 €
BAZTAN.....5.988.000 €.......750 €
BEINTZA-LABAIEN....0 €.........0 €
BERA.........955.000 €.......260 €
BERTIZARANA..273.000 €.......418 €
DONAMARIA..........0 €.........0 €
DONEZTEBE....467.000 €.......292 €
ELGORRIAGA.........0 €.........0 €
ERATSUN.......50.000 €.......303 €
ETXALAR......329.000 €.......400 €
EZKURRA............0 €.........0 €
GOIZUETA...........0 €.........0 €
IGANTZI......206.000 €.......336 €
ITUREN.......272.000 €.......565 €
LEITZA.....2.496.000 €.......868 €
LESAKA.....4.528.000 €.....1.629 €
OITZ.........112.000 €.......714 €
SALDIAS............0 €.........0 €
SUNBILLA......45.000 €........70 €
URDAZUBI.....494.000 €.....1.300 €
URROTZ........48.000 €.......249 €
ZUBIETA............0 €.........0 €
ZUGARRAMURDI.608.000 €.....2.702 €
Guztira...17.731.000 €.......519 € (bataz bertze)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun