Erlijio tokien jabetzaz

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 28a

Martxoaren bukaera aldean, Iruñeko Alde Zaharrean, Nafarroako erlijio tokiak, norenak? izenburupean, jardunaldiak egin zituen Udako Euskal Unibertsitateak. Azken urteetan, Nafarroako Elizak bere izenean erroldatu dituen hainbat lekuren inguruan sortu den eztabaida zertan den hausnartu zuten. Mahai-inguru eta solasaldietan esku hartu zuten hizlari ugari izan ziren, horien artean Iñaxio Azkoaga eta Migel Larranbebere apezak, eta Jose Mari Espartza Nafarroako ondarearen defentsarako plataformako kideak.
Horrek guztiak gogora ekarri dit Larraungo kasu bat. Zehazkiago esanda, Mugiroko eliza etxekoa. Bertan 70 urteko emakume bat bizi da bere alaba eta 9 urteko bilobarekin. 1984 urteaz geroztik bizi izan da etxe horretan, ordaindu beharreko alokairua erlijiosoki pagatuz eta bete beharreko gainerako konpromiso guztiak betez. Emakume horrentzat etxe horrek, gainera, aparteko zama emozionala omen du, bertan familiako hiru kide gutxienez ikusi dituelako hiltzen, semea, senarra eta ama. Gaur egun ere, denen gorpuzkinak Mugiroko hilerrian omen dautza.
Beno, ba, kontua da, Nafarroako Eliza ofizialak azken urteotan agindua eman omen diola sendi horri bertatik alde egiteko, etxea erabiltzen 25 urte eman ondoren, eta inolako aukerarik eskaini gabe gainera etxea erosteko, berriz alokatzeko, eta abar. Auziren bat ere izan omen dute, baina familiak galdu omen du, eta hemendik gutxira aipatu familia horrek behin betiko utzi beharko du apez etxea, kanpora joateko, eta Elizaren aldetik inolako babesik jaso gabe.
Udako Euskal Unibertsitateak Iruñean egindako jardunaldi hura dela eta, Euskalerria Irratian entzun nuen Espartza jaunak informatu zuela, Madrilen, Jose Maria Aznar presidente ohiaren garaian, gai honi dagokion legeari aldaketa bat egin ziotela artikulu batean, Elizak eskatuta-edo, erlijio tokiak era horretan Elizak erroldatu edo erregistratu ahal izateko. Kontua da, hori guztia isilpean egin omen zutela, Espartza jaunaren arabera. Hori horrenbeste omen da horrela, non, Madrilgo gai hauetan adituak diren jurista batzuek behintzat, ez omen zekiten Nafarroako Eliza egiten ari dena, betiere Espartzaren arabera.
Jakina da egia guztia behin ere ez dela egoten alde bakar batean, baina kontuan harturik Nazareteko Jesusek beti jokatu zuela behartsuenen alde, eskaleen alde eta esan omen zuela «utzi dena eta jarraitu niri», «ez duzu lapurtuko», eta abar, niri guztiz bitxia gertatzen zait ikustea Vatikanoko Eliza ofizialak dauzkan boterea, aberastasuna, Estatua, eta bat eta beste, Nazareteko Jesusekin alderatuta, horren ezberdina dena.
Halaber, harrigarria suertatzen zait behatzea, Nafarroako Eliza ofizialak eta Opus Deikoek daukaten obsesioa mundu honetako boterea, aberastasunak eta eraikinak pilatzeko. Gainera, Nafarroako Eliza ofizialaren kasuan, ematen du jokatu duela nahiko modu desleial, itsusi, ez garbia eta abantailaz udalekiko erlijio tokiak erregistratzerakoan, udaletakoek ez omen zekitelako deus ere, halabeharrezko era batean norbaitek jakin zuen arte zer gertatzen ari zen.
Kasu batean baino gehiagotan, gainera, udal batzuek agiri guztiak omen dituzte, frogatzen dutenak erlijio toki horiek udalenak direla, esate baterako, Auritzen eta Uharten (Iruñerria).
Niri kontraesan handi samarra eta nahiko ulergaitza iruditzen zait, Nafarroako Eliza ofizialaren jokatzeko modu hori, kontuan harturik gainera Mugiroko familia horrek ez duela ematen oso aberatsa denik, hain zuzen ere, eta bestalde, ez dietela eman inongo azalpenik esateko zertarako behar duen Elizak etxe hori, zer egin behar duten edota zer asmo duten; bat ere ez!
Bukatzeko, esanen dut, daturen bat oker eman baldin badut, aldez aurretik eskatzen dudala barkamena, baina bestela jarraitzen dut pentsatzen hori ez dela Elizaren aldetik, Nazareteko Jesus imitatzeko erarik txukunena.

Xanti Begiristain - Iruñea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun