Bertizko Partzuergo Turistikoa bultzatzen ari den Eurovelo txirrindula proiektuak desadostasuna eta haserrea eragin ditu garai bateko Tren Txikitoren bide inguruan bizi diren auzotarren artean.
Sunbillako inguru horretan bizi den auzotarretako bat naiz, eta egunero edozein tokitara joateko bide hori erabili behar izaten dut (bertze 40 baserri baino gehiagoko bizilagunek bezala). Gehienak oihangintzarako eta abeltzaintzarako erabiltzen den bide hori pasatzen den lurren jabeak gara. 1978an aho batez onartu zen Lau Herrietako (Sunbilla, Doneztebe, Narbarte eta Elgorriaga) Juntari mendi komunaletara pasabidea uzteko baimena ematea, bidea egoera onean mantentzeko baldintzarekin, baina beti ere, inguruan bizi direnei lehentasuna emanez.
Duela bi urte, ordea, gure harridurarako, Bertizko Partzuergo Turistikoa bere eskuorrietan eta Interneten bide hau Bide Berdea dela erranez publizitatea egiten ari zela ikusi genuen (eta hori gezurra da). Gure desadostasuna agertu eta Sunbillako zatian halako plan bat egitearen kontra geundela errateko bilera bat egin genuen eurekin, eta bide honen alternatiba bat bila zezatela eskatu genion. Izan ere, Bide Berde baten arauak arras zorrotzak eta gogorrak dira bizilagunentzat, aziendentzat eta hortik pasatzen den edozein ibilgailurentzat, eta oinezkoentzat eta turismorako baino ez da mesedegarria. Gero kaltetuen sinadura bilketa egin genuen eta Bertizko Partzuergoari publizitatea kentzeko eskatu genion, eta horrela egin zuen.
Hara non, sorpresaz, azken hilabete honetan, telebistan eta prentsan ikusi dugu Europako Eurovelo txirrindula sarearen barrenean, Irun eta Doneztebe artean 50 kilometroko zatia egiteko asmoa dagoela, Bertizko Partzuergo Turistikoak bultzatuta. Benetan penagarriena dena da euren interesei bakarrik begiratu dietela, eta ez dutela ez kaltetuei ezta Sunbillako Udalari ere, horren berri emateko detailerik eduki. Euren hitzetan, Europatik diruz lagunduko duten proiektua da eta hilabeteak daramatza martxan. Jakin badakite, honek zer nolako arazoak eraginen dizkien auzotarrei eta Sunbillako zati horretako jabeei. Edozein tokitara joateko eta aukeratu dugun inguru eder honetan bizitzeko egunero egunero behar dugun bidea da.
Eskatzen dugun gauza bakarra zati honi bide alternatibo bat bilatzea da, eta guztiek, auzotarrek eta turistek, harmonia onean gozatzeko aukera izan dezagula.
Felix Espelosin - Sunbilla