Erabakigarria eta erabakiorra

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 28a

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan begiratzen badugu «erabakior» hitza, ikusiko dugu jartzen digula honako hau: erabakior* e. erabakigarri. Hau da, «erabil ezazu erabakigarri hitza». Gaztelaniaz: decisivo, -a; resolutorio, -a eta frantsesez: déterminant, -e ; résoluble. Erabaki hau aspalditxo hartu zuen Euskaltzaindiak, baina, hala eta guztiz ere, oraindik bi hitzak nahasiak leku askotan ikusten dira eta jende askori entzuten zaizkio.
Badakit mundu honetan inor ez dela perfektua eta egoera guztiak ere ez direla berdinak, baina nire ustez, bai, hitz hori, ERABAKIGARRI, alegia, ongi erabili beharko lukete gutxienez hedabide publiko eta profesionalek, EITBk, besteak beste, hots, kazetari, esatari, aurkezleek, eta abar, euskara jasoa darabilten programetan, hau da, albistegietan eta bat eta beste. Berriz diot, badaezpada ere, EUSKARA JASOA erabili behar dutenean behintzat. Kazetari, esatari eta aurkezle askok oso ongi erabiltzen dute aipaturiko hitza; zorionak! Baina, oraindik nahasten dutenei, nik uste dut ez legokeela gaizki ahalegintxo bat eskatzea. Ea noiz nabaritzen dugun, ba, hoberako aldea.

Xanti Begiristain - Iruñea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun