Berdintasun formala gure ordenamendu juridikoan jasota badago ere, eguneroko bizitzan generoaren arteko diferentziak nabariak dira: lan munduan diskriminazioa, etxeko lanen arduren banaketan, profesionalki garatzeko aukerak… Emakumeak lan ordaindua izan eta esparru publikoan parte hartzeko prozesuarekin batera ez da gertatu gizonek esparru pribatuan parte hartzeko prozesurik. Horrez gain, ez dira sortu, behar diren zainketa zerbitzuak. Ondorioz, emakumeek oraindik etxeko lanean ardura osoa beren gain uzten duen rola betetzen segitzen dute. Emakumeen eta gizonen ohituren eta arduren aldaketek epe ertain eta luzeko prozesuen emaitza izan behar dutela argi dago. Berdintasunerantz joateko lehen osagaietako bat lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzeko aukera izatea dela iritzita, Bortzirietako Oinarrizko Jendarte Zerbitzuek koordinatuta Ituna berritu dute 22 gizarte eragilek.
2005ean ikerketa egin eta Bortzirietako emakumearen egoera bildu zen. Ondorioz, 2006an Ekintza Positiboko Plana egin zen Bortzirietan. Horretatik atera zen atal bat izan zen Lana, Familia eta Bizitza Pertsonala Uztartzeko lehen ituna, 2007-2008koa. Nafarroako Gobernuak ere, ordurako, Gizon eta Emakumeen Aukera Berdintasunareko lehen Plana (2006-2010) martxan jarri zuen eta horren barrenean, ardatzetako bat Lana, Familia eta Bizitza Pertsonala Uztartzeko Itunak dira. Jokin Apezetxea Bortzirietako Jendarte Zerbitzuen Mankomunitateko teknikariaren erranetan, berdintasunaren barrenean garatzeko arloa da lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzea, konziliazioa, alegia. «Zergatik dira emakumeak xaharrak edo haurrak zaintzen gelditzen direnak? Zergatik emakumeek ez dute gizonek bezalako aukerarik bere bizitza profesionala garatzeko?». Marisol Tabernaren ustez, «bizi berri honetan, emakumeak hasi gara etxetik kanpo lan egiten eta horrek sortu du desoreka familietan, adinekoak bakarrik gelditzea, haurrak zeinekin utzi ez jakitea, bikote batzuk erotuak ibiltzea goiti eta beheiti... Gehien bat, emakumeak pairatzen du egoera hori. Oreka bilatzea izanen litzateke konziliazioa, baina kontzeptuak ez luke zuzenean emakumearengana joan behar, ez da emakumeen afera bakarrik». Ana Irastorzaren erranetan, «aipatu dituzuen lan horiek kulturalki emakumeak hartu ditu bere gain, heziketa hori eman digute. Egoera honetan, berdintasuna lortu arte, paper horiek emakumeengana joaten dira, ez dugulako oreka hori lortu».
Aurten gauzatzen ari den programa bortz ataletan banatua dagoela adierazi du Ana Irastorzak: sentsibilizazio ekintzak, formazio ekintzak, erantzunkidetasunerako emakume eta gizonen arteko itunak, denboraren kudeaketa modu berriak eta baliabideak sortzea (jubiloteka, ludoteka…).
Denbora kudeatzeko modu berriak
Denboraren kudeaketa modu berrien atalean bi jarduera eginen dira: dirulaguntzak eskuratzeko baremoan, uztartze irizpideak aintzat hartzea eskatzen zaie udalei, nahiz eta Marisol Tabernak eta Patxiku Irisarrik, udal ordezkariak diren neurrian, «hori ez dela erraza» onartu. Bertze aldetik, ardura familiarra duten pertsona langileen ordutegi malgutasuna erregulatzea dago eta hori bai, zenbait udal langileren kasutan betetzen dela aipatu dute.
Krisia orokorra den garai honetan, langabezia goiti doa etengabe. Alde horretatik, badirudi haurrak eta xaharrak zaintzeko asti gehiago dagoela, baina Marisol Tabernak «berriz ere emakumea etxean gelditzeko arrisku haundia» ikusten du. «Ez dut gaizki ikusten pertsona bat etxean gelditzea eta denbora familiari dedikatzea, beti ere, norberarentzat astia hartuta. Baina ez da egokia beti emakumea izatea. Hori orekatu beharko litzateke».