Yamiled Giraldoren heriotza salatzeko kontzentrazioa eginen da astelehen aratseko 20:30ean Iturenen

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 27a

Herrian bizi zen 33 urteko emakume kolonbiarra larunbat goizean tiroz hil zuten Cordovillan

Kolonbian jaio eta azken zazpi urteetan Iturenen bizi zen Yamiled Giraldo Quintero 33 urteko emakumea hil zuten larunbat goizean goizean, Cordovillan, auto batetik tiro eginda. Nafarroako Gobernuak berri eman zuenez, tiro hotsak entzun zituen bizilagun batek, eta abisu eman zuen SOS-Nafarroan, baina larrialdi zerbitzuak bertara iristerako hilik zen emakumea.

Lau tiro

Hilketa larunbatean 08:25ean gertatu zen, Cordovillako Erreleku urbanizazioan. Nafarroako Gobernuaren arabera, 14 urteko semearekin zihoan hildako emakumea kalean. Autoa aparkatu berri zuten. Autotik atera eta berehala, zuri koloreko automobil bat inguratu zitzaien. Barrutik tiroak jaurti zituzten emakumearen aurka, eta ihesi joan ziren.
Foruzaingoak jakinarazi zuen Yamiled-ek gutxienez lau tiro jaso zituela. Larrialdi zerbitzuak iristerako hila zen. Inguruan guztira zortzi bala zorro aurkitu zituzteb foruzainek. Ihesi joan zen autoaren bila dabiltza orain. Citroen markako ibilgailu txiki baten bila ari dira, zuri kolorekoa. Uste dute barruan guttienez bi lagun zihoazela hilketa egin zuten unean.

Mendekuaren hipotesia

Polizia ikertzen ari da zer-nola gertatu zen Cordovillako hilketa, baina, lehenengo itxuraren arabera, ez dirudi emakumeen aurkako indarkeriako kasua izan denik. Gehien zabaldu den hipotesia mendekuarena izan da. Badirudi emakume hau, duela urte batzuk Sunbillako klub batean gertatzen ziren gehiegikeriak eta bortxaketak salatu zituenetako bat zela eta geroztik mehatxupean bizi omen zen. Lau seme-alaben ama zen eta Iturenen aski errotua zegoen familia osoa. Yamiled ere aski ezaguna zen, estetizien lana egiten baitzuen.

Astelehen arratsean ere kontzentrazioa eginen da

Igande goizean eta arratsaldean, kontzentrazioak egin ziren Iturenen, “Yamiled gogoan zaitugu, Justizia” zioen pankartarekin. Hainbat iturendar eta inguruko herrietako jendea hurbildu zen, bere samina adieraztera, ez baitzuten ulertzen lau seme-alaben ama langile bat tiroz hiltzea. Astelehen eguerdian Iturengo udal batzarra biltzekoa da, gertakari hauen kondena-agiria adosteko. Astelehen arratseko 20:30etik 20:45era ere bertze elgarretaratze bat deitua da Iturengo plazan. Bere semeetako bat pilotan aritzen da Erreka taldean eta talde honek ere dolu ofizialeko izanen du gaurkoa eta ez da entrenamendurik izanen. Familiari elkartasuna adieraziz Iturenen eginen den kontzentrazioarekin bat eginen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun