Otsaileko uholdeen kalteak oso-osorik Nafarroako Gobernuak ordaintzea eskatu dute eskualdeko alkateek

Aitor AROTZENA 2009ko apirilaren 22a

Apirilaren 21ean Etxalarko Kultur Etxean bildu ziren eskualdeko hainbat udal ordezkari, uholdeek eragindako kalteen %100 Nafarroako Gobernuak ordaintzea eskatzeko. TTIPI TTAPA

Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Sunbillan 1,6 milioi euroko gastua eragin zuten

Baztan, Bortziriak eta Malerrekako hamalau herrietako ordezkariek bat egin zuten astearte arratsaldean Etxalarko Kultur Etxean, Nafarroako Gobernuari otsaileko uholdeek eragindako kalteak bere osotasunean ordain ditzan eskatzerako orduan. Patxiku Irisarri, Etxalarko alkateak emandako datuen arabera, otsailaren 11 eta 12ko uholdeek 1,6 milioi euro inguruko gastuak eragin zituzten. Handienak Baztanen, milioi bat euro, kontuan hartu behar baita hedaduraz ere Nafarroako herririk handiena dela; Etxalarren eta Lesakan, bakoitzean 102.000 euroko gastuak eragin zituen; Beran 91.000 euro, Arantzan 62.000 euro, Igantzin 60.000 euro, Zubietan 54.000 euro, Sunbillan (Bidasoa Berroarango Junta barne dela) 49.000 euro, Donamarian 24.000 euro, Iturenen 19.000 euro, Oitzen 12.000 euro eta Urrotzen 5.000 euro. Eratsunen, oraindik ongi zehaztu gabe dute gastu osoa.

Kalteak neurtzen eta memoriak bidaltzen hasieratik

Duela bi urteko esperientzia kontuan hartuz, kalteak neurtzen hasi ziren herrietan eta Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioa eta Ingurumen Departamentuetara memoriak bidaltzen hasi ziren, beraiek jakianren gainean egoteko eta neurriak hartzeko. Nafarroako Gobernuak Lekarozen martxoaren 2an egin zuen osoko bilkuran ere eman zuten egoeraren berri alkateek, baina ez zuten erantzun argirik lortu. Denbora pasatu da eta herrietan presazko lan batzuk egin dituzte, baina erantzunik ez denez, herri gehienetako ordezkariek biltzea erabaki dute.

«Egoera bereziak neurri bereziak behar ditu»

Alkate eta zinegotziek aipatu zutenez, “momentu honetan Plan Trienalak eta ZPren dirulaguntzak martxan daude bertze alorretan, baina gure ustez egoera berezi hauek neurri bereziak behar dituzte, eta orain dela 2 urte egin zen bezala %100ean finantziatu beharko ziren kalte guziak, nahiz eta orduan kasu guzietan ez zen horrela gertatu. Hau horrela eginez gero, orain del 2 urte egin zena ez zela mugimendu elektorala izan konfirmatzeko balioko zuen”.

Lesaka-Igantzi errepidea ixteko arriskuaz ohartarazi zuen Koldo Erkiziak

Krisi garai hauetan Udaletxeei esku bat botatzea zilegi iruditzen zaie udal ordezkariei, “izan ere hirigintzatik eta menditik genituen diru sarrerak izugarri murriztu zaizkigu eta zama extra hauek ezin ditugu gure bizkar gainean hartu”. Alde horretatik, Koldo Erkizia Lesakako alkateak aipatu zuenez, “dirulaguntzarik ez bada, Igantzi eta Lesaka lotzen dituen errepidea, ibilgailuen harat-honat handia duena, ixtea aztertzen ari gara, hagitz egoera kaxkarrean dagoelako”.

Ortzegunean eztabaidatuko da Lege Proposamena Parlamentuan

Otsailaren 27an, Nafarroa Bai taldeak Lege Proposamena agertu zen Nafarroako Parlamentuko Boletinean, uholdeek kaltetutakoen aldeko neurriak hartzeko. Lege proposamen hori ortzegun honetan eztabaidatuko da Parlamentuan eta bertan dauden indar politiko guztiei dei egin diete Baztan-Bidasoaldeko udal agintariek, Nafarroa Baik aurkeztu duen Lege Proposamenarekin bat egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun