Zugarramurdiko Sorginen Museoak bere marka hautsi du Aste Sainduan

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 22a

409 sarrera saldu ziren Ortziral Santuan

Zugarramurdiko Sorginen Museoa eta Lezeak, 2008ko emaitzekin alderatuz balantze positiboa lortu dute berriki pasa den Aste Santuan. Krisi ekonomikoa eta egun hauetako eguraldi desatseginak ez dute emaitza positiboa izatea eragotzi. Joan den urteko Ate Santuan baino %33,5 bisitari gehiago sartu ziren lezeetan apirilaren 16 eta 19a bitartean. Kopuru hau 2007ko Aste Santuko aparteko emaitzei hurbiltzen zaie, 6.946 sarrera saldu baitziren orduan. Sorginen Museoan bertzalde, joan den urtean baina %25 bisitari gehiago izan dira: 2011. Datu adierazgarri gisa, “Zugarramurdiko sorginen” omenez egindako toki honek berriz ere eguneko markak hautsi dituela erran beharra dago: Ortziral Santuan 409 sarrera, pasa den urtekoan baino 35 gehiago eta orain arteko jende kopururik handiena izan den eguna.

Egunez egun

Apirilaren 6tik aitzinera turisten presentzia areagotu zela nabaria. Dena den, besta egunak izan dira jende gehien jaso dituzten egunak: Ortzegun Santuan 348 pertsona Museoan eta 1210 Lezean; Ortziral Santuan, erran bezala, museoak 409 bisitariekin bere marka hautsi zuen, eta lezetik igaro ziren 1239 lagunek euriari desafio egin behar zioten. Data horretatik antzin bisitari kopurua murriztuz joan zen: larunbatean, 275 sarrera Museoan eta 681 Lezean; Pazko Igandean, 212 bisitari Museoan eta 607 Lezean; Pazko Astelehenean aldiz, 116 lagun Museoan eta 448 Lezean. Gainontzeko egunetan ere eskola oporrak zirela nabari izan da Zugarramurdin.

Euskaldun gehiago, kataluniar eta madrildar guttiago

Bisitarien jatorriari dagokionez aldaketa izan da. Euskaldunak izan dira Zugarramurdira hurbildu diren gehienak, % 44a hain zuzen ere. Horien artean, lehenik bizkaitarrak izan dira (%22,5a),ondotik gipuzkoarrak (%20a) eta azkenik nafarrak (%17a).Estatu mailan, kataluniarrak eta madrildarrak izan dira gehien etorri direnak baina erran beharra da beherakada handia sumatu dela, %11a eta 4% hain zuzen ere. Beherakada horren arrazoia krisia izan liteke, izan ere turistek egonaldi laburragoak, egun bakarrekoak eta toki hurbilagoak nahiago dituzte. Hori izanen litzateke adibidez, Zugarramurdiko Sorginen Museoan eta Lezean izan den turista madrildar eta kataluniarren beherakada, eta horren antzinean izan den turista euskaldunen gorakada. Ikuspuntu horretatik, bi errekurtsoek gogoz ekinen diote uda arte duten parentesiari, “sorginen herria” eta bere historia ezagutzera bertaratuko diren eskola, jubilatu, eta banakako bisitariei ahalik eta harrera beroena eginez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun