Heldu den asteazkenean, apirilaren 22an, Idiazabal Gazta Berriaren aurkezpena eginen da Iruñeko Napardi elkartean. Asteazken honetan, Ordiziako Artzain Egunean bertze horrenbertze egin dute. Bertan, Sunbillako Petxenekoborda baserrian dagoen Lizun gaztandegiak seigarren urtez segidan, gaztandegi onenaren saria irabazi du. Arkaitz Vicentek hartu zuen saria, Idiazabal izendapenarekin merkaturatzen duten “Endara” gaztarengatik. Izendapenetik kanpo, “Lizun” gazta ere saltzen dute, marka horrekin hasi baitziren gurasoak duela 25 urte eta bere bezeroak zituztelako inguru honetan. Gero, Idiazabal izendapenean sarteko, marka berria eskatzen zutenez, “Endara” sortu zuten. Hau Gipuzkoa eta Bizkaialdean eta gehiago saltzen omen dute. Baina, azken finean, esne berarekin egindako gazta berdinak dira, izen ezberdinarekin.
«Erregulartasuna saritzen dute»
Arkaitz Vicentek aipatu digunez, "urte osoko erregulartasuna saritzen dute. Izendapeneko teknikariak bi hilabetetik behin etorri eta beraiek nahi duten gazta hartzen dute kamaratik, kata sentsoriala egiteko. Horri puntuazio bat ematen diote eta ranking moduko bat osatu. Urte guziko puntuazioa kontuan hartzen dute. Ez da erraza sei urtez segidan lehen saria irabaztea".
150-300 ardi jartzeko ametsa
Petxenekobordan 30 bat ardi bertzerik ez dituzte orain, “belagiak garbitzeko” Arkaitz Vicentek aipatu digunez, eta esnea Sunbilla, Ituren, Zubieta eta inguruko herrietako bertze baserrietatik erosten dute. Halere, Arantzazuko Artzain Eskolan ikastaroa akitu berria duen honetan, “artalde koxkor bat” jartzeko asmoa du Arkaitzek: “Ez dakit, 150-200 bat ardi, baina horrek inbertsioa eskatzen du”.