Iratxe Nafarroako Kontsumitzaile elkarteak modu baikorrean baloratu du azken hilabeteetan kontsumorako prezioek izan duten geldialdia. Gehien bat petrolioa merketzeagatik eta elikagaien eta edari ez alkoholikoen prezioen merketzeagatik gertatu dela uste du eta behin behineko egoera dela azpimarratu.
Etxeko ekonomientzat ondorio baikor aunitz
Prezioen jautsierak, etxeko ekonomientzat ondorio positibo aunitz dituela uste du Iratxek, batez ere iaz inflazioak %5a ere gainditu zuenean. Elikagaien prezioen jautsierak batez ere janarian gasturik handiena egiten duten ekonomia ahulenak laguntzen ditu eta petrolioaren jautsierak, berriz, gizarte osoari eragiten dio. Guzi honeri, euriborraren jautsiera gehitzen badiogu, inflazio baxuak erraztu duen interes tipoen jautsierarekin batera, familiek hilabete bukaerara ailegatu ahal izateko injekzio ekonomikoa izan dutela uste du Iratxek, kontsumo handiago egiteko aukera emanez.
Zaila da deflazioa gertatzea
Iratxeren ustez, kontsumoa frena dezakeen deflazioa gertatzeko arriskua baldin badago ere, hagitz zaila izanen da hori gertatzea, zerbitzuen sektoreak ongi eutsi baitio beti prezioen jautsierei. Horrek erakusgarri, elikagai freskoen eta energia gaien prezioak alde batera utzita, inflazioa arras gutti jautsi dela. Iratxek dioenez, joan den urtean petrolioak izan zuen prezio igoera bortitzaren ondorioa da oraingo jautsiera eta kontsumitzaileen aldetik modu baikorrean hartu behar da.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!