Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak antolatuta, apiril hondarrean abiatuko da Udaberriko Bira. Narbarten, apirilaren 26an Zirika Zirkus taldeak Ilargian antzezlana eskainiko du 16:30ean plazan. Maiatzaren 2an Beintza-Labaienen talde horrek ikuskizun bera eskainiko du 19:00etan plazan. Ekainaren 14an Etxalarren antzerki bera ikusteko aukera izanen da, 17:00etan plazan.
Antzerkia eta musika
Arantzan maiatzaren 9an Mielotxin taldeak musika emanaldia eskainiko du, 20:00etan eskolan. Goizuetan ere talde berak joko du maiatzaren 22an. 20:00etan hasiko da Ganbaran. Maiatzaren 17an Donamariako frontoian, Kiki, Koko eta Moko pailazoen eskutik Txintxilin bakea egin antzezlana izanen da ikusgai. 18:00etan hasiko da. Antzerki bera izanen da ikusgai Zubietan maiatzaren 30ean, 19:00etan erabilera anitzeko aretoan. Areson Zirika Zirkus taldeak Ametsetan ikuskizuna eskainiko du maiatzaren 23an, 18:00etan plazan.
Ekainean Igantzin, Sunbillan eta Urrotzen
Igantzin Pasadas las 4 taldeak Kontadazu hamabietan antzezlana eskainiko du ekainaren 6an, 19:00etan Biltokin. Sunbillan ekainaren 21ean ikuskizun bera izanen da, 12:00etan udaletxean. Urrotzen Muthiko Alaiak fanfarre taldearen eskutik musika emanaldia izanen da ekainaren 7an, 13:00etan plazan.