Sunbillako Bidasoa auzoko bizilagunek bere kezka eta ezadostasuna azaldu dute Bertizko Partzuergo Turistikoak garai bateko trenbidean bultzatzen duen Eurovelo proiektuarekin. Auzotarrek aipatzen dutenez, 40 baserrietako bizilagunek egunero erabili behar izaten dute bide hori edonora joateko. Gehienak, oihangintzarako eta abeltzaintzarako erabiltzen duten bide hori pasatzen den lurren jabeak direla aipatzen dute bere idatzian. Felix Espelosin bizilagunaren erranetan, “1978an Lau Herritako (Sunbilla, Doneztebe, Narbarte eta Elgorriaga) Juntari baimena eman zitzaion mendi komunaletara pasabidea uzteko, bidea egoera onean mantentzeko baldintzarekin, baina beti ere lehentasuna emanez bertan bizi direnei”. Horregatik, Bidasoako auzotarrek “harriduraz” hartu zuten duela bi urte Bertizko Partzuergoak egindako publizitatea, hau Bide Berdea dela erranez. Hori gezurra dela diote bizilagunek.
Arau zorrotzak
Bertizko Partzuergoarekin bildu ziren orduan, eta Sunbillako zatian honelako plan baten kontra zeudela azaldu zuten. Bizilagunen erranetan, Bide Berdeen arauak arras zorrotzak omen dira bizilagunekin, aziendekin eta ibilgailuekin, oinezkoen eta turismoaren mesedetan, eta horregatik, inguru horretan ordezko bide bat bilatzea eskatu zioten Partzuergoari. Sinadurak ere bildu zituzten eta publizitatea kentzea eskatu zioten Bertizeri, eta Partzuergoak horrelaxe egin zuen.
Auzotarrak eta Sunbillako Udala informatu gabe
Baina azken hilabetean, prentsan eta telebistan agertu denez, Europako Eurovelo txirrindula sarearen barrenean, Irun eta Doneztebe artean 50 kilometroko zatia egiteko asmoa dago, Bertizko Partzuergo Turistikoak bultzatuta. Honek berriz ere harridura sortu die sunbildarrei. Felix Espelosinek dioenez, “Partzuergoak bakarrik beraien interesei begiratu die, eta Europatik diruz lagundutako proiektua izanik, ez dute ez kaltetuei ezta Sunbillako udalari ere informatzeko detailerik izan, jakin badakitenean, honek zer nolako arazoak eragiten dizkien bizilagun eta jabeei. Egunero-egunero behar dugu etxetik mugitzeko eta inguru zoragarri honetan bizitzeko”.
Ordezko bide bat
Bidasoako bizilagunen eskaria garbia da: “Sunbillako zatian ordezko bide bat bila dezatela, eta bai bizilagunek baita turistek ere, armonia onean bide honetaz gozatzeko aukera izan dezatela”.