Gazte abertzale talde bat elkartu eta mugaz gaindi, nafarren arteko lokarriak indartzeko helburuarekin sortu zen Nafarroaren Eguna. 1978an izan zen hori. Geroztik hutsik egin gabe, apirileko azken igandean Nafarroaren Eguna ospatzen da urtero Baigorrin. Iaz bete zituen Nafarroaren Egunak 30 urte eta aurten egun hori antolatzeaz arduratzen den Basaizea Kultur Batasunak bertze horrenbertze egin ditu. Urteekin indartuz joan dira, dudarik gabe, eta Nafarroaren Eguna egun seinalatu izatera ere pasatu da euskaldun aunitzentzat. Baina helburuak hastapenekoak dira: nafarrak euskararen alde biltzea. Nafarroaren Eguna da Basaizeak antolatutako ekitaldien artean jendetsuena. Baina ez bakarra. Olentzero, inauteriak, urtats gaua, solas eta jolas programa, kulturaldia, bertso eta kantu afariak, merkatua, udan haurrendako jarduerak euskaraz... antolatzen dituzte. Baita igande honetan, apirilak 19, Elizondoko Lur dantzalekuan eginen den Nafarroari eskainitako kantaldia ere. Aldi honetan modu berezian ospatu nahi dute Basaizea Kultur Batasunaren 30. urteurrena.
30 urtek aunitzerako ematen dute eta Basaizea Kultur Batasunaren kasuan, elkartea sendotzeko balio izan dute. 1979tik hiru belaunaldi aldizkatu dira elkartean, eta guztiek garai zailei aitzin egiten jakin dute. «Urte ilunak izan dira, herioak ere jo gaitu, dudak, gogoeta faseak, haustura... Baina elkarteak iraun du». Horrela azaldu digu Argia Oltzomendi lehendakariak. Zergatik ote? «Menturaz Nafarroaren Egunak salbatu du kultur astea? Pentsatzen dut baietz», dio Argiak. «Nafarroaren Egunak arrakasta gaitza lortu baitu, hastapeneko arima galdu gabe».
Lehenbiziko Nafarroaren Eguna 1978an antolatu zen. «Orduan harreman arras guti zen nafarren artean. Europako mugak hetsiak ziren. Baigorriko dantza taldeak eta gaiteroek Nafarroako taldeekin harreman batzuk bazituzten, baina puntualak eta pertsonalak ziren. Sare ttipi horretatik abiatuz, gazte abertzale talde batek Nafarroaren Eguna antolatzea erabaki zuen, egun batez mugaz bi aldetako nafarrak elgartzeko, lotura egiten duen hizkuntzaren inguruan: euskara». Eta horrela egin zen lehen aldiz Nafarroaren Eguna. Hurrengo urtean, berriz, Basaizea elkartea sortu zen eta horrekin batera kultur astea. 30 urte hauen balantzeaz galdetuta, zera erantzun digu Argiak:«Gauzak azkarki aldatu dira gure inguruan. Euskal alorrean bereziki urrats sendoak egin dira.
Euskararen kasuan, egoera «ainitz» aldatu dela iritzi dio Oltzomendik. «Kontzientzia hartze bat izan da, jendea ohartu da galtzeko arriskua zinezkoa zela. Jendearen atxikimendua agertu da». Baina gaineratu duenez, euskararen erabilpenak «arrunt gibelarat egin du eta karrikako hizkuntza izaitetik eskolako hizkuntza izaiterat pasatu da». «Duela 30 urte bakarrik abertzaleen arrangura zen, baina hizkuntzaren aldeko borroka ez da oraino irabazia».
Kulturaren inguruan ere aldaketak izan direla uste du Argiak: «euskal nortasunaren ukaitea harrotasun bat bilakatu da, urte ainitzez ahalgea jasan ondoan».
Politikaren mailan, «aitzinamenduak» egon direlakoan dago Argia, «abertzaleen borrokak denborarekin funtsezkoak eta ezagutuak direla argiki agertzen da». Dena den, «abertzaleen lanak segitu behar du. Frantses eta espainol botereek traba bat bezala ikusten gaituzte euren interesen kontra goazelako. Erasoak beti hori dira, eta horren lekuko ditugu azken hilabeteetako arrastatze, presondegiratze eta zigor gogorrak».
Lan guztia dirulaguntzarik jaso gabe, borondatez egiten dute. Gainera, Nafarroaren Egunean eta Kulturaldian ateratako irabaziak euskararen aldeko elkarteei banatzeko ere moldatzen dira. «2008an 14.000 euro banatu genituen: Nafarroako Ikastolen Elkarteari, Arberuako eta Baigorriko ikastolei, Mantxut aldizkariari, Bizitegia proiektuari, Euskal Herriko Laborantza Ganbarari...».
Urteetako lanaren emaitza da egun Basaizeak lortu duen indarra. Eta etorkizunera begira ere baikor daude. «Gazteak badira elkartean, motibatuak eta lanerako gogoz». Hego Euskal Herriarekin harremanetan daude, nahiz eta ez izan «guk nahi ginuzken adinakoak». Alde horretatik, aurten, ahalegin berezia egin dute Nafarroa osoko elkarte eta eragileekin elkarlana bultzatzea. «Espero dut zinez, abiapuntu bat baizik ez dela, eta ez helmuga bat, nafarren arteko harremanen garatzeko».