Bazen behin urruneko erresuma bat. Erresuma hartan baso ttiki bat bazen eta baso hartan herrixka ttiki-ttiki bat. Herrixka hartan, lanbidez okina zen famili handi bat bizi zen. Edurnezuri zen familia horretako kideetako bat. Lan handia egin behar izaten zuen Edurnezurik: ogia egin, bere astotxoan hartu eta etxez etxe banatu, baita urrunagoko basoetako herrixketan ogia banatu ere. Baina eguneroko okindegiko lanaz gain, lan gehiago egitea ere gustatzen zitzaion Edurnezuriri, basoko hizkuntzaren alde, herrixkatik urrun zeuden ipotxak laguntzen edo basoan gertatzen ziren basakeriak salatzen. Horiek guziekin aski ez, eta behin herrixkako jakintsuen kontseiluan lan egiteko borondatea ere azaldu zuen. Erresumako Erregeak hala zioen: «Egun batean zure saskia sagarrez bete behar duzu, jakintsuen kontseiluko kide izan nahi baduzu». Ongi da! Edurnezuri eta bere lagunek saski bat ez, bi bete zituzten, denak gorri-gorriak eta sano-sanoak. Baina orduan Erresumako Erregeak hala erran zuen: «Ez, sagar horiek ez dute balio, ustelduak daude eta!». Alferrik izan ziren Edurnezuri eta bere lagunen protestak. Halere, ez pentsa Edurnezuri eta bere lagunak geldirik egon zirenik. Herrixkan urtean behin halako besta handia egiten zuten eta basoko hizkuntzaren alde, urrun zeuden ipotxak laguntzeko eta basoan gertatzen ziren basakeriak salatzeko etxola bat paratu eta bertan ogiak, goxokiak eta edabeak saldu eta txirritak eta kilkerrak kantari jartzen zituzten. Gauez ere lanean segitu ahal izateko ipurtargi talde bati laguntza eskatu behar izan zioten eta gauez etortzeko eskatu zien Edurnezurik ipurtargiei. Baita etorri ere. Sorgin batek hori ikusi eta Erregerengana jo zuen: «Gorentasun –erran zion Erregeari– Edurnezurik sagar ustelak biltzeaz gain, basoko hizkuntzaren alde egiteaz gain, urrun dauden ipotxak laguntzeaz gain, basoko basakeriak salatzeaz gain, ipurtargiak ekarri ez ditu bada bere etxolara!». «Aski da! –erantzun zuen Erregeak, bere onetik ateria– ekar ezazue Edurnezuri niregana!». Eta Erregeak hainbertze lan egin zuen eta bertze hainbertze lan eta gehiago egin nahi zuen Edurnezuri bere etxolara ipurtargiak ekartzeagatik zigorra ezarri zion. Hala bazan eta ez bazan, ez dadila sar Audientzia Nazionalean, eta atera dadila Lesakako plazan!
Basoko narratzailea