Aitor AROTZENA Doneztebeko Erreka eskubaloi talde nagusiak liga bikaina egin du eta azpitxapeldun izan da, Anaitazarraren gibeletik. Aspaldian ez zuten horrelako denboraldirik egin, baina juxtu orain 20 urte, 1989an, bere lehenbiziko liga irabazi zuen Errekak. Txomin Mindegiak, orduan eta orain entrenatzaile denak, aipatu digunez, jokalari izateari utzi eta urte hartan hartu zuen entrenatzaile ardura, Luis Goñirekin batera: «Partidak irabaziz hasi ginen, ez aisa, baina irabazi. Txantrearekin lehia gogorra izan genuen. Beraiekin partida bat berdindu genuen, baina bertze guziak irabazi. Txantreari gol bakarrarengatik irabazi genion Donezteben eta eurek ere partida hori bakarrik galdu zuten liga osoan. Giro ederra izan zen partida hartan frontoian, harmailak bete-beteak, pankartekin…». Orduan eskubaloia ikustera jende aunitz joaten zela gogoan du Mindegiak. Gero urte batzuk motelak izan dira eta orain ematen du berriz ere berreskuratzen ari dela. Promozioa Xixonen Nafarroako liga irabazteak igoera promozioa jokatzeko eskubidea eman zion Errekari eta Xixonera joan zen talde osoa. «Mariezkurrenak autobusa debalde paratu zigun –dio Txominek– eta ortzegunean joan eta igandea bitarte egon ginen. Sei talde ginen lehian eta bik bakarrik zuten igotzeko aukera. Hiru taldeko bi multzotan banatuak ginen eta gu hirugarrenak izan ginen. Egia errateko, gu baino talde hobexeagoak ziren eta guk ez genuen batere esperientziarik. Denontzako lehenbiziko aldia zen eta gauza horiek nabaritzen dira». Halere oroitzapen onak gordetzen dituzte entrenatzaileak eta jokalariek: «talde bezala hotel batean kontzentratuak egotea, 24 orduz elkarrekin, ez zaigu bertze inoiz pasatu». Eta berriz pasatzea ere ez du erraz ikusten Mindegiak. «Ez da ezinezkoa, baina lan serioa egin behar da. Astean guttienez bi entrenamendu on egin behar dira, jokalari guziekin eta hemen zaila da denak biltzea. Gainera, aurten lehen mailan aritu diren Beti Onak eta Ardoi seguruenik gure ligan ariko dira eta hori oztopo haundiagoa izanen da». Ligan bigarren akitu ondotik, orain Kopari ekin dio Errekako talde nagusiak.
Argazkiak: Erreka elkartea