Aurten ere zaila izanen da Fernando Etxegarai irabaztea. Lasterketen denboaldiaren hasiera besterik ez bada ere, jadanik erakutsi du sasoi bete-betean dela. Joan den martxoaren 29an Larrungo mazeletan korritu zen 25 kilometroko lasterketa aise irabazi zuen oren bat eta berrogeita hemeretzi minututan. Bigarrenari, Etxalarko Iñigo Lasagari hiru minutu eskas kendu zizkion. Hunek bi oren eta bi minutu behar izan zituen.
Sarako taldeko lehena 23. sailkatu zen. Philippe Vacquie izan zen. Bi oren eta hamalau minutu behar izan ditu lasterketa finitzeko. Emazteetan Elgetako (Gipuzkoa) Oihana Kortazar izan zen azkarrena. Bi oren eta hogeita lau minututan errekor berria eman zion lasterketari. Laugarren edizioa sekula baino arrakastatsuagoa izan zen. Lasterkari batzuk errefuxatu behar izan zituzten badaezpadako segurtasun neurriengatik. Izena emateko muga 450 lagunetan ezarri zuten antolatzaileek. Goizean 439 abiatu ziren eta helmugara 396 arribatu. Lasterkan ibiltzeko aro ederra eta freskoa izan zuten.