Senpereko lehen erakustokiak ateak idekiko ditu heldu den udan. Pilotaren museoan euskal kirol hau hobeki ezagutzeko parada eskainiko da turismo bulegoaren ondoan. Egun hauetan, Heurocom Hazparneko komunikazio enpresa museoaren prestaketa lanak bururatzen ari da.
Senpereko Herriko Etxeak 220 000 euro ordaindu dizkio Heurocomeri museoa apailatzeko. Erakustokian, hogoi laguneko taldeak hartuko dituzten lau gune izanen dira.
Euskal etxe bateko barnetik pilota partida bat ikusiko da leihotik plaza batean. Leiho hortan bideo bat agertuko da irudi zaharrekin. Ondoan, Jean Dithurbide Gantxiki Harotxa senpertarrak 1857an asmatu zituen xisterak nola egiten diren erakutsiko da. Bere aldetik, Ander Ugarte Donibane Lohizuneko pilota egileak eta Punpa enpresako buruak bere lanaren berri emanen du. Gero, bisitariak trinketa bateko pasabidetik ibili beharko du pilotaren joko desberdinak eta partidak ikusteko telebista bidez. Erakusketa batek pilotaren inguruko objektu desberdinak bilduko ditu.
Museoaren bidez pilota orokorki baina bereziki Senpereko pilotariak eta pilotazaletasuna ezagutarazi nahi dira. Martin Garat eta Jakes Casaubonen azalpenak entzuten ahalko dira, bertzeak bertze. Gainerat, Senpereko lehen trinketa, Blankarteiakoa Amotzen ezagutzeko parada izanen da. Bisitak 40 minuta inguru iraunen du eta euskaraz edo frantsesez egiten ahalko da. Bisitaria aitzinatu ahala argiak piztu eta itzaliko dira. Lehen bisita eta estrena ekain hondarrean egin nahi luke Peio Aincy turismo kontseilariak.