Kaleratzeei stop erran eta egoera larriaz ohartarazteko kalera atera dira LAB eta ELA

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 15a

Goian ELA sindikatuak martxoaren 28an egindako martxa, eta behean LABek deituta apirilaren 3an Lesakan egin zen manifestazioa. TTIPI TTAPA

LABek manifestazioa egin zuen Lesakan eta ELAk martxa Beratik Lesakara

Baztan-Bidasoaldean sindikatu nagusiak diren ELA eta LABek deitutako ekimenek jendearen parte-hartze zabala izan dute.

ELA: ‘Egoera larria’

ELA sindikatuak deituta, 400 bat lagunek bete zuten martxoarek 28an Berako Zalain industrialdea eta Lesakako plazaren arteko ibilbidea, Bortziriak-Malerreka-Bertizarana-Baztan egoera larrian zioen pankartaren gibeletik. Ibilaldian «Industrian nahi dugu lan egin», «Enplegurik gabe, bizitzarik ez», «Dirurik ez da falta, lapurrak soberan», «Bidasoa borrokan» eta gisako oihuak bota zituzten. Lesakako plazara ailegatuta, Jose Mari Arribillaga Baztan-Bidasoako ELAko ordezkariak hartu zuen hitza. Emandako datuen arabera, «Beratik hasi eta Urdazubi-Zugarramurdi bitarteko 600 kilometro koadroetan 20.000 bizilagun bizi dira. 8.000 pertsonako populazio aktibo batean, mila langabeak dira gaur egun eta 2.000 inguru espedienteren batean murgilduak daude». Gauzak aldatzen ez badira, eskualdea «basamortu industriala» bihur daitekela adierazi zuen. Mitxel Lakuntza ELAko Nafarroako koordinatzaileak Nafarroako Gobernuak eskualde honekin izan duen «utzikeria» salatu zuen. Enplegu Plana ere salatu zuen: «1.500 milioi euroko inbertsioa egin bai, baina lagunei laguntzeko besterik ez du balio izan. Zenbat diru ailegatu da Baztan-Bidasoaldera?».

LABek Kaleratzeei ‘Stop’

Eskualdean egiten ari diren erregulazio espedienteen eta despidoen kontra egiteko 200 bat lagun bildu zituen apirilaren 3an Baztan-Bidasoaldeko LABek. Kaleratzeak Stop zioen pankarta baten gibeletik egin zuten ibilbidea Lesakako karriketan barna eta kaleratze eta EREen kontrako oihuez gain, maiatzaren 21erako ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek deitutako greba orokorraren aldeko oihuak ere egin zituzten.

Langileen testigantzak

Ibilaldia Plaza Zaharrean bukatu zen eta han Arcelor, Condesa, HidroRubber, Composites Gurea, Funvera eta bertze zenbait enpresetako langileek beraien egoera «kezkagarrien» berri eman zuten, gehienak lan erregulazio espedienteen menpe baitaude.

«Erresistentziatik erasora»

Segidan, Igor Arroio Nafarroako LABeko idazkariak hartu zuen hitza eta eskualdeko langileek beraien lanpostuen defentsan egiten ari diren lana goraipatu zuen. «Enpresariek milioietako irabaziak izan dituztenean langileen egoera ez da batere hobetu», gogoratu zuen. «Baina egoera kaxkartu denean, langileak izan dira lehenbiziko kaltetuak». Azpimarratu zuenez, «orain arte langileek erresistentzia egin dute, baina erasora pasatzeko ordua da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun