Bidasoako ‘Lehenbizikoa’ atera du Ernesto Gaintza beratarrak

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 14a

Ernesto Gaintza aurtengo Bidasoako lehen izokinarekin TTIPI TTAPA

Izokinak arrantzatzeko denboraldia ireki den egunean harrapatu du

Apirilaren 1ean zabaldu zen Bidasoan izokinak arrantzatzeko denboraldia eta egun horretan harrapatu zuen sasoiko lehen alea, Lehenbiziko deritzona, Ernesto Gaintza Aranburu 38 urteko beratarrak. Goizean 9:30 aldera harrapatu zuen 6,950 kilo eta 89 zentimetroko izokina, Villanuevako bihurgunea eta zentralaren artean dagoen putzuan. Denboraldia lan egunean ireki arren, jende aunitz bildu zen Los 50 inguruan. «Horregatik errekan goiti joan eta Villanueva inguru horretan bakar-bakarrik egon nintzen», azaldu zion Gaintzak Ttipi-Ttapari.

Ez da atzo goizean arrantzan hasitakoa Gaintza, 17 urte zituenetik horretan ari baita. Tarte horretan 65 bat izokin arrantzatu omen ditu, baina sekulan ez Lehenbizikoa eta ez hain haundirik ere.

Eskaintzarik ez

Ohi bezala, Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteko kideek oroigarria eman zioten Gaintzari Lehenbizikoa arrantzatzeagatik, baina arrain hau erosi ohi zuen Iruñeko Hartza jatetxea itxita dagoenez, ez du uste bertze saririk izanen duenik. «Ez dut eskaintzarik izan, beraz, seguruenik etxean janen dugu. Sake ederra emanen diogu!». Horrela aipatu zion Gaintzak Ttipi-Ttapari.

Uztailaren 19ra edo 60.a arrantzatu arte

Aipatu bezala, apirilaren 1ean ireki zen izokinak arrantzatzeko denboraldia eta uztailaren 19ra bitarrte zabalik egonen da, aitzinetik ezarritako 60 aleko muga gainditzen ez bada. Hala balitz, hor bukatuko litzateke denboraldia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun