Udalak eta Altxatak eraman dute aurtengo Korrikako testigua

TTIPI TTAPA 2009ko api. 14a, 12:50

Korrika Ttikian gustura ibili ziren neska-mutikoak. Argazkian talde bat bertzeari lekukoa pasatzen ageri da. TTIPI TTAPA

Eskolako haurrak ere lasterka aritu ziren, Landagainek antolatutako Korrika Ttikian

Azkeneko edizioetan bezala, aurtengo Korrikan ere bi kilometro erosi zituen Etxalarrek. Udalak bat eta Altxata Kultur Elkarteak bertzea. Martxoaren 30ean, astelehenean, pasatu zen Korrika Igantziko Bentetatik. Hantxe hartu zuen testigua, 14:50ean, Patxiku Irisarri alkateak. Ondotik, Arantxa Danborienari pasatu zion erreleboa. Altxataren izenean eraman zuen honek testigua, gero, Berako Manttale taldeari uzteko. 20 bat etxalartarrek parte hartu zuten 16. Korrikaren edizioan, bertze herrietako lasterkari guztiekin batera. Giro onak eta umoreak ez zuten hutsik egin.

Eskolako haurrak ere Korrika

Aspaldiko urtetako ohiturari segituz, Landagain Eskolako ikasleek euren Korrika egin zuten. Zikloka banatuta, herri osoan barna lasterka aritu ziren, talde batek bertzeari testigua pasatuz. Plazan akabatu zuten Korrika, jolasean. Berendu ederrak ere ez zuen hutsik egin. Eskolako ikasle guztiek parte hartu zuten, 3 urtetik 12ra bitartekoek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun