Euskal Titiriteroen VII. Topaketa eginen da Zugarramurdin asteburuan

ttipi-ttapa 2009ko apirilaren 14a

Karrika animazio handia izanen da aste hondarrean Zugarramurdin. TTIPI TTAPA

Mikel Diez eta Estefa Erroren omenez, hamabi txotxongilo talde izanen dira

Tankera, tamainu eta kolore ezberdineko txontxongiloak bilduko dira heldu den asteburuan Zugarramurdin ospatuko den Euskal Titiriteroen Topaketaren zazpigarren edizioan. Dozena bat taldek apirilaren 18 eta 19an hamairu bat ikuskizun eskeiniko dituzte herrian egokituko diren sei kanpo eta barne-eszenatokitan, hala nola plaza, Akelarrenea, Sorginen Museoa eta Sorginen Antzokia.

Mikel Diez eta Estefa Erroren omenez

Jaialdi honen izpirituan, 1996. urtean ospatzen hasi zenetik, Mikel Diez eta Estefa Erroren memoria eta omenaldia bizirik dirau. Panpin eta ikuskizun sortzaile handi hauek Zugarramurdi euskal titiriteroen erreferentzi puntu bihurtu zuten, Euskal Herriko lehen Txontxongilo Areto Egonkorrari hasiera eman ziotenean. Euskal herriko bizitza eta Zugarramurdin 1610ean gertatutako inkisizio prozesuaren erakusleiho zen “Sorginak” antzeslana aurkeztu berria zutela, bi artista handi hauek hil ziren. Orduz geroztik, beraien lagun eta auzokoak Kisulabe eta Akelarre Elkartean bildurik, Zugarramurdi txontxongiloen mundua adierazpide duten euskal talde eta artisten elkargune bihurtzearekin egiten dute amets.

Larunbatean goiz eta arratsaldez

Euskal Titiriteroen Topaketa honen zazpigarren edizioaren ekitaldiak heldu den larunbatean, apirilaren 18an hasiko dira. Kolektibo Humok goizeko 11tan “Papiricuentos” eta “El Caballero Grifo Roto”rekin emanen diote hasiera egitarauari. Ordu bat beranduago Iñaki Matak “Barreras” antzeslana aurkeztuko du herrian barrena. Eguerdiko 13etan, Erre ke Errek Sorginen Museoan “tres cuentos tres y uno del revés” lanarekin agertuko dira; arratsaldeko 16:00etan, Akelarrenean, Bihar taldeak ”Harritzeko Ipuinak: Tartalo eta Sorgin Lapurra” lana erakutsiko dute eta hortik hurbil, eskolako plazan Goloka taldeak “Wolingen Garatxoa”. 18:00etan, Taun Taunek “Batuta” antzeslana agertuko du Sorginen Antzokian eta 19:00etan “Titiriteros” lanarekin txontxongiloak berriz ere kalera itzuliko dira Viravoltaren eskutik. 20:00etan El Tenderetek “La Molinera” eskainiko du Sorginen Antzokian eta azkenik, larunbateko egitarauari akabaila emateko Akelarrenean Kukubiltxoren eskutik “Morttimer” ikusteko aukera izenen da.

Igande eguerdira arte

Txontxongiloen ikuskizunak igandean, apirilaren 19an segituko dute. Azika taldea “Barne iluna da” emankizunarekin hasiko da 11:00etan Sorginen Antzokian. Eguerdiko 12etan Antzezkizunak eskolako plazan “Toni Lasai, birusak erasoan!!!” aurkeztuko du eta ordu bete beranduago, Taupada taldea “Zugarra ala sukarra”rekin plazan ariko da. Akitzeko, Sorginen Museoan eguerdiko 14:00etan txontxongilo asteburu honi bukaera emanen zaio Erre ke Erre taldeak aurkeztuko duen “Un instrumento primitivo” lanarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun