Euskarazko komunikabideei laguntza duinak emateko eskatu dute Bortzirietako ordezkariek

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 14a

Hezkuntza kontseilariarekin bildu ondotik, Bortzirietako ordezkariek agerraldia egin zuten. Ezkerretik hasita: Josu Iratzoki Berako alkatea, Patxiku Irisarri Etxalarko alkatea, Koldo Erkizia Lesakako

Hezkuntza kontseilariarekin bildu dira Ttip-Ttapa Telebistaren egoerarekin kezkatuta

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak euskarazko komunikabideentzako dirulaguntza deialdia eginen du. Nahiz eta aurtengo aurrekontuetan 9.000 euro baino ez diren aurreikusiak, 240.000 euro emanen omen ditu. Halaxe baieztatu zien Carlos Perez-Nievas Hezkuntza kontseilariak Bortzirietako udal ordezkariei martxoaren 31n Iruñean egindako bilkuran. Euskarazko tokiko komunikabideen eta Ttipi-Ttapa Telebistaren aldeko konpromisoa agertzeko bildu ziren Perez-Nievasekin udal ordezkariak, bereziki Ttipi-Ttapa Telebistaren egoerarekin «kezkatuta» daudelako. Hori dela-eta, eskaera zehatzak egin zizkioten Hezkuntza kontseilariari. Bortz herrietako ordezkariak izan ziren bileran: Koldo Erkizia Lesakako alkatea, Josu Iratzoki Berako alkatea, Patxiku Irisarri Etxalarko alkatea, Jaime Iturria Arantzako zinegotzia eta Agustin Sainz Igantziko alkateordea.

Dirulaguntza duinak

Eskaera argiak luzatu zizkioten Perez-Nievasi. Alde batetik, Ttipi-Ttapa Telebistari eta euskarazko komunikabideei «dirulaguntza duinak» emateko konpromisoa eskatu zioten, baita komunikabideen egoera erregularizatzeko hitzarmenaren aldeko urratsak egiteko ere. Horrez gain, «orain arte hutsaren hurrengoa izan den publizitate instituzionala txertatzeko» ere exijitu zioten eta «Nafarroako Gobernuko gainerako departamentuetan eragitea tokiko euskarazko telebistek lizentzia eskuratzeko aukera izan dezatela». Horren harira, «betekizun bidegabe eta neurrigabeak bertan behera uzteko» eskatu zioten. Lizentzia eskuratu bitartean emititzeko bermea izatea ere exijitu zuten, egoera behin betiko erregularizatzen duten arte.

Dirulaguntza, hutsaren hurrengoa

Nafarroako Gobernuak euskarazko tokiko komunikabideei ematen dien dirulaguntzaren inguruan, «hutsaren hurrengoa» dela salatu zuten udal ordezkariek. Izan ere, %96,91 murriztu da, 310.000 eurotik 9.567 eurora. Ordezkarien hitzetan, murrizketa horrek «ez d u inongo justifikaziorik; euskararen kontra egiten du nabarmen, baita Foru Legearen eta Euroitunaren izpirituaren aurka ere. Ttipi-Ttapa Telebistak emisioa bertan behera utzi behar izan du eta horretan ukaezina da Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna». Gobernuaren jokabidea «asaldagarria» dela ere nabarmendu zuten, «batzuei dirulaguntzak zeharo murriztu eta bertze batzuei, berriz, itzelezkoak eman. Zein irizpideren arabera, ordea?».
Gure eskualdea telebista digitaleko lizentzia eskuratzeko prozesutik kanpo utzi izana ere kritikatu zuten, eta Euskarabideari daukan erantzukizunei ez muzin egiteko eskatu zioten, Nafarroako Gobernu osoari euskara gaietan aholkatzen diona bera delako.

Bileraren balorazio positiboa

Eskari hauen aitzinean, Perez-Nievasek euskarazko komunikabideentzako dirulaguntza deialdia eginen dutela erran zuen eta iazko kopuru bera banatuko dutela: 240.000 euro. Ziurrenik uda ondotik banatuko omen dute.
Euskarazko telebistak lizentzia eskuratzeko aukera izan dezan lan eginen dutela ere hitzeman zuen kontseilariak eta konpromiso politiko hori bere gain hartu zuen.
Udal ordezkariek bileraren emaitzaz balorazio «baikorra» egin bazuten ere, hemendik aitzinera ere, gai honi jarraipena eginen diotela berretsi zuten bilera ondotik egindako prentsaurrekoan.

Sinadura bilketa

Aitzineko alean iragarri bezala, Ttipi-Ttapa Telebistaren aldeko sinadura bilketa abiatu du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak. Toki hauetan sina daiteke.

ARANTZAn
Herriko Etxean
Pabloenea ostatuan.
Ilargi okindegian.

BERAn
Herriko Etxean (momentuz hemen bakarrik. Aitzinerago gehiago zehaztuko dute)

ETXALARren
Kultur Etxean

IGANTZIn
Herriko Etxean
Eskolan (16:30ak arte)
Biltokin (20:00-21:00)
La Villa jatetxean (asteburuetan)

LESAKAn
Herriko Etxean
Igerilekuetan
Okindegian
Aliprox dendan
Ibaiondo janaridendan
Arrano Elkartean
Tantirumairu Ikastolan
Irain ikastetxean

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun