Apirilaren 13an, urtero bezala Pazko Astelehenez, Sarako Idazleen Biltzarra egingo da herriko polikiroldegian. Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen duten biltzarrak autoreei ematen die lehentasuna. Hala ere, Euskal Herriko argitalpen munduak eta baita mugaz bi aldeetako euskaltzale aunitzek ere urtero dute Saran hitzordua, Pazko Astelehenean.
Euskaltzaindia ere urtero joaten da Sarara, eta hor bere azken argitalpenak erakusten ditu. Aurten, hiru liburu aurkeztuko ditu: Gratien Adema "Zaldubi"ren Artzain Beltxaren neurtitzak, Henri Duhauk paratua; Txomin Peillenen Bizitzaren Hiztegiaz eta Jean-Louis Davanten Zuberoako Literatura. Antologia laburra
Horrez gain, Aurelia Arkotxa euskaltzain osoaren sarrera-hitzaldia, Bazterrez, jasotzen duen Euskera agerkariaren separata ere aurkeztuko da Saran.
Honen guztiaren aurkezpena 11:30ean izango da eta hauek mintzatuko dira: Andres Urrutia; Henri Duhau, Txomin Peillen, Jean-Louis Davant eta Aurelia Arkotxa.
Bestalde, Euskaltzaindiak antolatutako Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina erakusketa ikusgai izango da Polikiroldegian bertan, egun osoan.
Artzain Beltxaren neurtitzak
Euskaltzaindiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren laugarren zenbakia da eta Henri Duhauk paratu du. Bildumaren lehen liburukian, Henri Duhauk Zaldubiren prosa aurkeztu zigun, eta orain, berriz, bertso eta koplak ematen dizkigu ezagutzera, faksimil bidez, Zaldubik idatzi zituen bezalaxe.
Bizitzaren Hiztegiaz
Euskaltzaindiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren zazpigarren zenbakia da eta Txomin Peillen euskaltzain osoak idatzi du. Hiztegi hau Bordelen, 1981ean, Txomin Peillenek irakurri zuen semantika tesiaren ondokoa da. Egilearen esanetan, lan hau hizkuntza ezagutzeko eta aberasteko bide bat da. “Euskaldun zaharrek -dio Txomin Peillenek- biziaren hiztegitik abiatuz, munduaz zeukaten irudi bereziaren berpizten saiatuko naiz. Horretarako, lehenik hiztegi horren lekukotasun zaharrenak bildu-eta bilketa -II. mendetik, XV. menderarte hedatuko da. Ondotik, sinesteen eragina ikusiko dugu. Geroago, euskarazko literaturan nola ikusi den jendea; geroago nola biziaren hiztegiak geografiari matematikari, psikologiari, zuzenbideari eta beste jakituriei hitz asko eman dizkien. Azkenik, saiatuko naiz biologiaren hiztegitik abiatuz, eta euskalki batzuekin erakusten nola biziaren hiztegia hiztegi orokorraren iturri nagusi bat izan den”.
Zuberoako Literatura. Antologia laburra
Euskaltzaindiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren bederatzigarren zenbakia da. Jean-Louis Davant euskaltzain osoak idatzi du. Lan honetan, Zuberoako literaturaren antologia eskaintzen digu Davantek. Berak azaldu bezala, "Zuberoako literaturaz jadanik hor daude batetik Txomin Peillenen Zuberoako itzal argiak liburua, XV, XVI eta XVII. mendeak aipu dituena, bestetik XX. mendekoez nire Zuberoako idazle zenduak. Bien artean hutsune bat badago, XVIII eta XIX. mendeak izkutuan uzten dituena, eta gainera nirean ez dago gaurko idazle bizien aipamenik. Beraz bi leize horiek bete zitzakeen obra orokor bat falta zitzaigun, agerturiko bi liburuen ekarpena bilduz ber denboran". Hutsune hori betetzen du liburu honek.
Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina erakusketa
Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina izeneko erakusketa Iruñeko Baluarten jarri zen ikusgai lehenbiziko aldiz, Euskaltzaindiaren XVI. Biltzarrarekin batera. Abenduan, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan erakutsi zen eta orain, hirugarrenez, zabalik egongo da, Sarako Polikiroldegian. Erakusketa Euskaltzaindiak sustatzen du, eta Akademiaren sorreraren 90. urteurrena ospatzeko ekitaldietako bat da. Pirinioetako hizkuntzak, euskara izan ezik, latinetik datoz, beti ere, tokian tokiko hizkuntzek aldatuta. Mendetako prozesu hori dela eta, lurraldeari begira hurbil dauden baina elkarren artean ondo baino hobeto bereizita dauden hizkuntzak sortu dira. Literaturaren bidez, hizkuntza horiek aurrera egin dute, eta, aldi berean, aberastu eta beraien muga linguistikoetatik kanpora zabaldu dira, kalitate artistikoa ere irabazi dutelarik. Erakusketak hizkuntza horien ezaugarrietako batzuk eta beraien historiaren adierazpen garrantzitsuenetako batzuk laburbiltzen ditu. Horrela, bada, horietako bakoitza erabiltzen duten herrietako bizitza sozialean daukan erabileraren lekukotasunak eskaintzen dira, administrazioan, zientzian, irakaskuntzan eta, jakina, literatur genero desberdinetan daukaten presentziaren adibideak emanez. Erakusketaren gida bat argitaratu du Euskaltzaindiak, lau hizkuntzatan: euskaraz gain, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.