Ttipi-ttapak Nafarroan hartzen duen eskualdeko udalek kasik 18 milioi euroko zorrak zituzten 2008 urte bukaeran, Espainiako Ekonomia eta Hazienda Ministerioak publiko egin duen informazioaren arabera. Zehazki 17.771.000 euroko zorra dute udalek. Gehiena Baztanek du, 5,988 milio euro. 7.982 bizilagun dituela kontuan hartuz, biztanle bakoitzeko 750 euro zor ditu Baztanek. Lesakan zorraren kopuru osoa ttikixeagoa dam 4,528 milioi euro, baina 2.779 bizilagunen artean banatuta, bizilagun bakoitzeko 1.629,36 euroko zorra dauka. Halere Zugarramurdi da pertsona bakoitzeko zorrik handiena duen udalerria. 608.000 euro zor ditu udalak eta 225 bizilagun direla kontuan hartuz, bakoitzak 2.702 euro zor lituzke.
Eskualdez eskualde
Bertizaranan 273.000 euro zor dute. Oieregi, Narbarte eta Legasan 653 bizilagun dituztela kontuan hartuz, bakoitzak 418 euro zor lituzke.
Bortzirietan, Lesaka da zorrik handiena duen herria, arestian aipatu dugun bezala, 4,528 milioi euro. Beran zorra ez da milioi eurora ailegatzen, 955.000 euro zehazki. 3.680 bizilagunen artean banatuta, beratar bakoitzeko 259,51 eurokoa da zorra. Arantzak 473.000 euroko zorra dauka, 640 bizilagunen artea banatuz gero, herritar bakoitzeko 739 euro. Igantziko 614 bizilagunek 206.000 euroko zorra dute, 335 euro terdi buruko. Etxalarrek 329.000 euroko zorra dauka, 823 bizilagunetatik bakoitzak 400 euro eskas.
Leitzaldean, Leitzak 2,496 milioi euroko zorra dauka, 2.876 leitzar zeudela kontuan hartuz, bizilagun bakoitzeko 868 euro. Areso 387.000 euroko zorra dauka, 282 bizilagunen artean banatuta, 1.372 euro aresoar bakoitzeko.
Aranok eta Goizuetak ez dute zorrik, Ministerioko datuen arabera.
Malerreka izanen da zorrik guttien daukan eskualdea. Doneztebek, bere 1.601 bizilagunekin 467.000 euroko zorra dauka (bizilaguneko 291,6 euro); Iturenek, 481 bizilagunekin, 272.000 euro zor ditu, iturendar bakoitzeko 565 euro terdi. Bertze zenbait udalek zor ttikia dute: Oitzek 112.000 euro 157 bizilagunendako, Eratsunek 50.000 euro 165 bizilagunendako eta Urrotzek 48.000 euro 193 bizilagunendako eta bertze sei udalek, Beintza-Labaienek, Elgorriagak, Donamariak, Ezkurrak, Saldiasek eta Zubietak alegia, ez dute inolako zorrik.
Sunbillak ere zor ttikia dauka, 45.000 euro bere 647 bizilagunendako.
Xaretan, Urdazubik 494.000 euroko zorra dauka. 380 bizilagun dituela kontuan hartuz, pertsonako 1.300 euro zor ditu. Zugarramurdin adibidea paratu dugu lehen, 608.000 euroko zorrarekin.