Basaburua txapeldun izan da infantil mailan Nafarroako Herri Kirol Jolasetan

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 7a

Kadete mailakoak azpitxapeldun izan dira proba konbinatuan nahiz sokatiran

Igandean jokatu zen Berriozarren Nafarroako Kirol Jolaseako bosgarren eta azken jardunaldia.

Alebin mailako proba konbinatua

Alebin mailan, proba konbinatuaren finala jokatu zen eta lehia estua izan zuten Etxarri Aranazko Andra Mari eta Berriozarren. Azkenean, segundu bakar batengatik Etxarrikoak gailendu ziren. Hirugarren postua Baztango Basaburuarentzat izan zen eta laugarrena Ultzamarentzat.

Basaburua txapeldun infantil mailako proba konbinatuan eta azpitxapeldun kadetetan

Gero, infantil mailako proba konbinatuaren txanda izan zen. Hemen, ligaxkako azken bosgarren eta azken jardunadia jokatu zen eta aitzineko lauetan bezalaxe, Basaburuakoak nagusitu ziren; Berriozar bigarren izan zen, Andra Mari hirugarren eta Ultzama laugarren. Sailkapen orokorrean Basaburuak 20 puntu lortu ditu, Berriozarrek 13, Ultzamak 9 eta Andra Marik 8.
Kadete mailako proba konbinatuak estuago zeuden kontuak azken probari begira, hamabina punturekin berdinduak baitzeuden Andra Mari, Basaburua eta Txantrea. Berriozarko proban Etxarrikoak nagusitu ziren, bigarren Basaburua izan zen, hirugarren Txantrea eta laugarren Putterri eta, beraz, sailkapen orokorra ere horrelaxe gelditu zen: Andra Marik 16 puntu, Basaburuak 15, Txantreak 14 eta Putterrik 4.

Sokatiran ere txapeldun infantiletan eta azpitxapeldun kadetetan

Haur mailako sokatiran, 480 kiloz beheitiko kategorian Basaburuak txapela segurtatua zuen. Azken tiraldian berdindu egin zuen Andra Marirekin eta Berriozar izan zen hiruugarren. Sailkapen orokorrean 14 puntu lortu ditu Basaburuak, 11 Andra Marik eta 6 puntu Berriozarrek.
Kadete mailan ere gauzak aitzinetik erabakiak zeuden. Berriozarren ere Txantrea nagusitu zen tiraldi guzietan, Basaburua bigarren izan zen, Andra Mari hirugarren, Putterri laugarren eta Iñigo Aritza bosgarren. Sailkapen orokorrean Txantreak 23,5 puntu eskuratu ditu, Basaburuak 20,5, Andra Marik 16, Iñigo Aritzak 7,5 eta Putterrik 6,5 puntu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun