Langabeziaren igoera etengabeakoa da eskualdean azkeneko bortz hilabetetan. Lehen aldiz, gainera, mila langabetuen muga gainditu da eta 1.049 ziren martxoaren 31n Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emandako langabetuak. Hilabete lehenago baino 54 gehiago eta %5,85ko igoera hau Nafarroa osoko lan bulegoen artean handiena izan da. Kontuan hartu behar da Nafarroa osoan %2,5 igo dela langabezia martxoan, baina gure eskualdean bikoiztu baino gehiago egin da portzentai hori.
Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 279 kontratu gauzatu ziren martxoan, eta horietatik 44 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.
25 urtetik goitikoen artean igo da gehien bat
Adina eta sexuari dagokionez, tarte guzietan goiti egin du langabeziak martxoan, 25 urtez beheitiko emakumeetan izan ezik. Ohikoa denez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak eta martxoan 475 langabetu zeuden, otsailean baino 17 gehiago. 25 urtetik goitiko gizasemeen artean ere goiti egin du langabeziak eta orain 432 dira, otsailean baino 23 gehiago. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean ere nabarmen goiti egin du langabetu kopuruak, 102 gizon baitaude lanik gabe, otsailean baino 19 gehiago. 25 urtez beheitiko emakumeen artean, aldiz, otsailean baino langabetu bat guttiago dago, 40 denera.
Zerbitzuetan eta industrian igoerarik handiena
Lan arloei dagokienez, zerbitzuak industria eta eraikuntza arloetan goiti egin du langabeziak. Denen artean, zerbitzuen arloak dauka, diferentziarekin langabetu gehien. Gaur egun 574 langabetu ditu arlo horrek, otsailean baino 43 gehiago. Industrian otsailean baino 20 lagun gehiago daude langabezian, 295. Eraikuntzan ere otsailean baino 9 langabetu gehiago daude, 119; nekazaritzan beheiti egin du langabetu kopuruak, 7 baitira langabetuak, otsailean baino 11 guttiago. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean 54 langabetu daude, otsailean baino 3 guttiago.