Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Sailak 676.125 euro bideratuko ditu azpiegitura lanak egiteko. Eskualdeko hamar herrik hartuko dute laguntza, guztira 1,15 milioi euroko aurrekontua eragin dieten gastuei aitzin egiteko. Amelia Salanueva kontseilariak apirilaren 1ean onartu zituen dirulaguntzak. Nafarroako hamaika herri dira dirulaguntza deialdi honetan sartu direnak, eta horietatik hamar eskualdekoak dira: Arantza, Beintza-Labaien, Elgorriaga, Erratzu, Etxalar, Igantzi, Leitza, Oieregi, Oitz eta Urdazubi. Bertzeak bertze, argiteria berritu, ur deposituak egin eta ur hornidurari lotutako koponketa-lanak subentzionatzeko da dirulaguntza. Goiko taulan herri bakoitzak egin duen gastua eta jasoko duen dirulaguntza ageri da, diru hori zertarako den zehaztearekin batera.
Herriz herri
Arantzan, ur hornidura sarean konponketak egiteko 8.702 euroko dirulaguntza jasoko dute, 14.421 euroko aurrekontutik.
Beintza-Labaiengo Udalak 24.003 euroko dirulaguntza jasoko du, ur hornidura sarean lanak egiteko. Aurrekontu osoa 30.938 eurokoa da.
Elgorriagan, bainuetxerako bidean harri-lubeta egiteak 74.777 euroko aurrekontua dauka eta 52.344 euroko laguntza jasoko du Udalak.
Erratzun, Untxide auzoan elektrizitate lanak 2.610 euroko laguntza hartuko du Baztango Udalak, aurrekontuaren erdia.
Etxalarren, herrigunean argiteria jartzeak 231.653 euroko aurrekontua izanen du eta 122.377 euroko dirulaguntza eskuratuko du Udalak.
Igantzin, Berrizaun auzoan ur hornidura sarea berritzeko 61.841 euroko laguntza hartuko du Udalak, 102.479 euroko aurrekontutik.
Leitzan euri-kolektorea berrituko da, 62.703 euroko aurrekontuarekin. 42.267 euroko laguntza jasoko du Udalak.
Oieregin, Kontzejuko etxea zaharberritzeko 232.485 euroko aurrekontua aurkeztu dute eta 94.764 euroko laguntza jasoko.
Oitzen ere ur depositu berria eraikitzeko 60.012 euroko dirulaguntza hartuko dute, 128.487 euroko aurrekontua estaltzen laguntzeko.
Urdazubin, azkenik, ur hornidura sarean aldaketak egiteko 207.204 euroko laguntza izanen dute eta 267.065 euroko aurrekontua.
Beraz, guzira 1.150.228 euroko aurrekontua duten lanak eginen dira eskualdean eta 676.125 euroko laguntza jasoko dute Udalek.