Hipoteka bat sinatzerakoan guttieneko interes tipoekin adi ibiltzeko dio Iratxek

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 2a

Euriborraren beherakadaren onurarik ez du nabaritzen erabiltzaileak

Euriborraren eta interes tipoen jautsierak lasaitasuna ekarri du familia aunitzetara. Baina oraindik, hipotekak tartean direlako, badago kezka eragiten duen bertze kontu bat ere: guttieneko interes tipoa, gaztelaniaz, suelo hipotecario deiturikoa. Euriborra jautsi ala ez, kontsumitzailea berdin ordaintzera behartzen duen interesa da. Eta horrekin adi ibiltzeko eskatu du Iratxe Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak. Zenbait herritar %5 baino altuagoa izan den interes tipo bat ordaintzetik, %2,5 ordaintzera pasatu badira ere, guttieneko interesa duten hipotekaren kasuan, egoera hagitz bertzelakoa da.

Guttieneko interesa

Hipoteketako guttieneko interesa, bezeroak ordaindu beharreko interes minimoa da, Euriborra eta hitzartutako diferentziala gehituta. Interes minimoa bankuen araberakoa da, baina gaur egun, %3-5 artean dago. Demagun, %3ko guttieneko interes tipoa finkatu dagoela. Bada, halakoetan hipoteka duenak ez du Euriborraren jautsierarik nabarituko, berdin –edo gehiago– ordaindu beharko baitu, ekonomia-adierazlea %2aren azpitik baitago. Aipatzekoa da, guttieneko interes hori eskrituretan ageri dela. Baina Iratxeren hitzetan, kontsumitzaileek, oro har, ez dakite badagoenik ere. Guttieneko interes tipo hori finkatua egote horrek ekar ditzakeen arazoak saiheste aldera, zera adierazi du Iratxek: «mailegua sinatu aitzinetik guttieneko interes hori badagoen ala ez ikusi behar da».

Gehieneko interesa

Guttieneko interes tipoa bezala, gehienekoa ere badago. Euriborraren igoeraren aitzinean, bankuek paratzen dituzten mugak dira, eta zenbaitetan kontsumitzailearentzat onuragarria izan daiteke. Krisia ailegatu aitzineko egoeran, Euriborrak etengabe goiti zihoanean, adibidez. Normalean %8-10aren inguruan egon ohi da, zenbaitetan %15ekoa ere izan daitekeen arren. Dena den, momentu honetan ez du garrantzi haundiegirik, Euriborrak beheiti egin duelako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun