Hiru urte arteko haurrak dituzten ama langileek dirulaguntza eskatzeko epea ireki da

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 2a

Apirilaren 30a arte izanen da epea eta dirusarreren arabera kopuru ezberdina jasoko dute

Hiru urte bitarteko umea duen eta etxetik kanpo aritzen den ama langileari zuzendutako laguntza ekonomikoak eskatzeko epea ireki du Nafarroako Gobernuak. Laguntza eskuratzeko zenbait baldintza bete behar dira eta, horien artean, aipatu beharrekoak dira diru kopuruaren aurtengo muga berriak. Horretarako, errenta aitorpenaren 507. kasilla begiratu behar da):
18.000 euro baino diru sarrera ttikiagoa izan dutenentzat, hileko 150 euroko laguntza izanen da, gainerako baldintzak betetzen badira.
28.000 euro eta 18.000 euroko diru sarreren artean daudenentzat, hileko 100 euroko laguntza izanen da, gainerako baldintzak betetzen badira.
28.000 euro baino diru sarrera handiago izan duenarentzat ez dago ezer, gainerako baldintzak betetzen baditu ere.

Apirilaren 30a arte

Eskatzeko epea apirilaren 30ean bukatuko da. Eskaera egiteko bi modu daude. Alde batetik, iaz egina eta aurten berritu behar duenari, eskaera orria etxera bidaliko diote. Datuak birpasatu beharko ditu, baita eskabidea sinatu ere. Aurten lehen aldiz eskatu behar duenak, berriz, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuetan hitzordua eska dezake , 948 635 036 edo tokian tokiko Gizarte Zerbitzuetan eta hurrengo dokumentazioa ekarri beharko du: ama eta bikotekidearen Nortasun Agiriaren fotokopia eta Familia Liburuaren fotokopia. Zalantzak edo argibideak eskatzeko, Gizarte Zerbitzuetara deitu behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun